Abian da adineko herritarrei eskainitako zerbitzuen berri emateko kanpaina
Bilera irekiak egingo dituzte ostegunean eta ostiralean, 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Eguneko zentroa, Aranealde elkarteko tailerra eta etxebizitza babestuak bisitatu daitezke.
Udaleko Ongizate sailaren bidez, adineko beasaindarrei eskaintzen zaizkien prestazioen eta zerbitzuen berri emateko informazio bilerak egiten ari da udala. Aste honetan, bi egingo dituzte, ostegunean eta ostiralean, 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Beasaindarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko eskura dauden gizarte baliabideen eta prestazio ekonomikoen inguruko informazioa emateaz gain, eguneko zentrora, Aranealdeko tailerrera eta etxebizitza babestuetara bisitak egiteko aukera ere badago. Hitzordua hartu behar da bileretarako, Ongizate sailean edo Igunearen bitartez (943 02 80 50).
Eguneko zentroa autonomia aldetik premia batzuk izan arren, egoitza batean sartzeko beharrik ez duten pertsonei zuzendua dago. Egunero irekitzen dute, astelehenetik ostiralera 09:30- 17:30 artean, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 10:00-17:30 artean. «Zentroan bazkaria, hamaiketakoa edo merienda, eta dutxa bat astean eskaintzen dira, hainbat ekintzekin batera».
Aranealdeko tailerra astean bi egunetan dago martxan, bi orduko saioetan, «bi ariketa mota egiten dira: ariketa kognitiboa (memoria, konzentrazioa) eta ariketa fisikoa (luzaketak, zirkuituak…). «I Gradua duten adineko pertsonei zuzendua da, nahiz eta salbuespen batzuk badaude, II Graduarekin doazenak».
Etxebizitza babestuak ere aukeran dituzte autonomoak diren adineko pertsonek, 11 lagunentzako egokitutako hiru etxebizitza babestuetan: «Pertsona bakoitzak bere gela dauka, amankomunean egongela, jangela, sukaldea eta komunak dituzte gainera. Otorduetarako ordutegi finko bat ere badute. Teknikari batzuen gainbegirada eta laguntza daukate. Etxeko eta arropa garbiketa, otordu prestaketa eta telelaguntza zerbitzua eskaintzen dira etxe babestuetan».