Aizkorri elkarteak txalburuak «erreskatatu» ditu Lareo inguruan
Aralar Parke Naturalean dagoen urtegiaren perimetroko pistan dauden zuloak hilgarriak dira baso-igel gorriarentzat. Aldundiari zuloak konpontzeko eskatu die
Beasaingo Aizkorri Mendizale Elkarteko hainbat kide Lareo inguruan ibili ziren larunbatean, txalburuak «erreskatatzen». Aizkorrikoen esanetan, Lareo urtegiaren perimetroan dagoen mendi pistako zuloak «tranpa hilgarriak» dira baso igel gorriarentzako, «bertan jartzen baititu arrautza asko eta asko espezie horrek eta handik pasatzen diren autoen gurpiletan zabalduta (lehertuta hilda) geratzen baitira». Era horretan, «jakinda anfibioak direla animaliarik mehatxatuenetakoak» gaur egun, Aizkorri elkarteak pistako zuloetako arrautzak jasotzeko eta putzu seguruetan uzteko ekintza egin zuten, Aitor Montes biologoak gidatuta. Zuloetako arrautzak jasotzeko sukaldeko apar- burruntzaliak, goilarak, eltzetxoak, plastikozko tupperrak eta garbiontziak eraman zituzten.
Aldundiari eskaera
Aizkorri elkarteak foru aldundiari zuloak konpontzeko eskaera egin dio «faunaren babesaren ardura» duenez, «datozen urtetan baso-igel gorriek ez ditzaten jarri arrautzak toki horietan».