Martxoaren 8ko greba feminista antolatzeko lanean ari dira herrietan
Emakumeen Nazioarteko Egunean ekitaldi bateratua egingo dute arratsaldean: Beasaindik, Ordiziatik eta Lazkaotik zutabe bana abiatu eta Lazkaoko plazan amaituko da manifestazioa
Goierri beheko M8 Plataforma ere buru-belarri ari da lanean Martxoaren 8ko greba feminista «arrakastatsua» izan dadin. Izan ere, «Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok, soldatapeko zein doako lanak egiteari utzi eta kaleak hartuko ditugu». M8 Plataformaren esanetan, «greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die, indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei».
Iaz bezala, greban parte hartzeko «modu ugari» egongo direla aurreratu dute: lantoki eta ikasgeletan greba eginda; zaintzeari utzita eta hori irudikatzeko mantala balkoian eskegita; antolatutako mobilizazioetan parte hartuta; eta «besoko morea eta txapa ipinita grebarekin bat egiten dugula adierazteko».
Goierrin herrika batzarrak egitearekin batera, eskualde mailakoak ere egiten ari dira hainbat ekintza elkarrekin antolatzeko helburuarekin. Martxoaren 8a iritsi aurretik, datozen egunetan hainbat ekintza izango dira datozen egunetan. Astelehenean, emakumearen ekonomiari buruzko mahai ingurua egingo dute 18:30ean, Ordiziako D’elikatuzen, lan mundua, gazteen egoera eta pentsiodunen ikuspegitik. Horrezaz gain, «Ordizian, azoka baliatuko dute mahai informatiboak jartzeko, Seguran jai giroan megafoniarekin kalera irtengo dira, Lazkaon komertzioetara joateko asmoa dute eta Itsasondon etxe guztietara diptikoa banatzeko asmoa daukate». Bestalde, otsailaren 19an, 18:30ean, Beasainen Feminazis dokumentala ikusteko aukera izango da, amaieran solasaldia eginez. Zaldibian, azkenik, hilaren 21ean, Matxalen Legarretak zaintzaren inguruko hitzaldia egingo du, 18.30ean, Karreanen.
Martxoaren 8an
Greba egunerako, herrika ari dira egun osoko egitarauak antolatzen. 12:00etan izango dira ekitaldi nagusiak, baina 18:30ean, eskualde mailako bategitea egingo dute: Lazkao, Beasain eta Ordiziako plazetatik 3 zutabe irtengo dira. Lazkao sarreran elkartu eta Lazkaoko plazan amaituko dute manifestazioa.
Bilerak herriz herri
Gaur
· Legorreta. Udaletxean, 18:30ean.
· Ordizia. Barrenan, 18:30ean.Bihar
· Ataun. Oargin, 19:30ean.
· Itsasondo. Kaxintanen 20:00etan.
· Segura. Kultur Etxean 18:00etan.Ostiralean
· Gaintza. Udaletxean, 18:00etan.
· Lazkao. Kultur etxeko erakusketa aretoan, 18:30ean.Eskualde mailako batzarra:
· Otsailaren 21ean. Beasaingo udaletxeko sarrera gelan, 18.30ean.