Eskolarteko bertsolari txapelketan hiru goierritar ariko dira
Gaur hasiko da Ibarran 39. Eskolarteko bertsolari txapelketa eta aurten, hiru goierritar bertsolari ariko dira bat-bateko txapelketan: Maddi Aiestaran Iparragirre beasaindarra eta Hodei Mundute Etxeberria zaldibiarra gaur, Ibarrako Senti Ekintza elkartean; eta Maide Garmendia Jauregi zaldibiarra martxoaren 15ean, Orioko Aldapa elkartean. Iaz finalean izen zen Aiestaran.
15 eta 18 urte bitarteko 23 bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoako txapelketan eta hiru kanporaketa jokatu ondoren, finala Lasturren jokatuko da, plazako tabernan, apirilaren 5ean. Bertso afariaren inguruan egingo dira txapelketako saioak eta txartelak aurrez erosi behar dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Lurraldeko txapelketetatik aukeratuko dira Euskal Herriko eskolarteko txapelketarako bertsolariak. Final handia ekainaren 8an jokatuko da Saran (Lapurdin).
Idatzizkoa Zumarragan
Idatzizko txapelketa ere jokatzen da eskolartekoaren barruan. Eskualdeka antolatu dituzte saioak eta zortzi saio izango dira aurten. Goierriren kasuan, Zumarragan elkartuko dira, martxoaren 27an, Zelai Arizti aretoan. Gaia emanda, bertsoak sortu beharko dituzte gazteek. Bertso saio didaktikoarekin gozatzeko aukera izango dute eskolarteko idatzizko bertso txapelketan parte hartzen dutenek.