Rosa Mari Munduate eta Ines Maeso omenduko ditu Asmube elkarteak
Beasaingo Asmube emakumeen elkarteak ekitaldi ugari antolatu ditu Martxoaren 8ari, Emakumeen Nazioarteko Egunari begira. Besteak beste, martxoaren 7an, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan, «ahaldundutako Beasaingo bi emakume eta Asmubeko kide erreferente eta borrokalari» izan diren Ines Maeso eta Rosa Mari Munduate jostunak omenduko dituzte.
Ines Maeso beasaindarra Arana kalean jaioa, bi seme-alaben ama da. CAFeko parrokiko katekesi taldean hasi zen 15-16 urterekin eta garai hartan hasi zen haurren danborradako jantziak egiten. 20 urterekin joste akademia ireki zuen Arana kalean; Murumendi ikastetxean eskolak ere eman zituen. Asmubeko zuzendaritzako kidea izan zen 2000-2007 urte bitartean. 2001. urtetik joskintzako irakaslea da Asmuben.
Rosa Mari Munduatek 18 urterekin atera zuen jantzigintzako titulua eta 19 urterekin eskolak ematen hasi zen: lehenengo etxean eta ondoren, Andre Mari, San Inazio eta Kale Nagusiko akademietan. 14 urtean Asmubeko zuzendaritzako bozeramalea eta lehendakaria izan zen.
Bestalde, martxoaren 9an, bazkaria egingo dute Olaberriko Arrietan eta Beasaingo emakume guztiak daude gonbidatuta.