Iker Irribarria eta Beñat Garmendia pilotariak finalerdietarako sailkatu dira Larraintzarren
Aramarra binakako txapelketa nagusian ari da, eta besaindarra promozio mailakoan

Itxuratzen ari dira dagoeneko martxan diren eskuz binakako bi txapelketen finalerdiak. Larraintzarren (Nafarroa) jokatu zen pilota jaialdian bi goierritar aritu ziren atzo lehian. Txapelketa nagusian, Iker Irribarriak eta Jose Jabier Zabaletak 22-6 hartu zituzten mendean Urrutikoetxea eta Aretxabaleta, eta horrenbestez, finalerdietan sartzeko behar zuten zortzigarren garaipena lortu dute. Aurretik, promozio mailako txapelketaren partida jokatu zen, eta han, Beñat Garmendia beasaindarrak eta haren bikote Peio Etxeberria nafarrak 22-17 irabazi zieten Alberdi eta Eratsuni, finalerdietarako txartela lortuz.
Jon Ander Albisu ataundarra da eskuz binakako txapelketa nagusian ari den beste goierritarra. Aimar Olaizolarekin aritu da txapelketan zehar, baina hark min hartu ondoren, Arteagarekin jokatu zuen azken partida, eta gaur arratsaldean Victorrekin jokatuko du Sorian Elezkano-Rezusta bikoaren aurka. Irabaziz gero, zortzigarren garaipena izango litzateke ataundarrarentzat.