Itsasondon egingo du EHKolektiboak 12. topaketa, martxoaren 3an
Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarrak biltzen dituen EHKolektiboak Itsasondon egingo du 12. Topaketa, martxoaren 3an. Pasa den azaroan Lesakan (Nafarroa) egindako ez-ohiko batzarrean kolektiboak bizi duen egoera zailaren berri eman zuen talde eragileak, eta orduko hartan, “indarberriturik aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi” zuten ordezkari guztiek.
Handik hona, talde eragilea berritu egin dute, “urtetan lan handia egin duten kideei erreleboa emanez”. Elkarrekin adostutako batzorde berria martxan jarri dute eta bide berriak urratzen hasiak direla dio EHKolektiboak. Jardunbide berri horiek taldean partekatuko dituzte martxoaren 3an, 10:00etatik 14:00etara, Itsasondoko udaletxean egingo duten batzarrean.
Laborantza bio-ekologikoa, bertakoa, etxaldeko eta herrikoia sustatzen du EHKolektiboak, eta hiru helburu nagusi ditu: identifikazio erraminta martxan jartzea, agroekologia eta lurralde ezberdinetako nekazarien arteko harremanak sustatzea.