Joseba Izagirre izango da berriz ere Zegama Lantzenen alkategaia
Zegamako alkatea da gaur egun, eta "ilusio eta errespetu handiz" aurkeztuko da berriz alkatetzara

Joseba Izagirre (Zegama, 1974) izango da berriz ere Zegama Lantzenen alkategaia 2019ko maiatzaren 26an egingo diren udal eta foru hauteskundeetan. Zegama Lantzen taldeak bilera egin du gaur goizean Jabier Otaegi kultur etxean, eta azken lau urteetan alkate izan den Izagirreren izendapena berretsi du zerrendaburu gisa.
“Abertzaletasun historikoaren eta herrigintzako eremuko herritarrek osatzen duten taldea da Zegama Lantzen. Joseba Izagirrek azken 4 urteak alkate lanetan eman berri ditu eta ilusio eta errespetu handiz aurkeztuko da agintaldia errepikatzeko asmoarekin”, adierazi du ohar bidez Zegama Lantzenek.
Azken lau urteotako kudeaketaren errepasoa egiteaz gain, datorren agintaldirako dituzten erronka nagusienen inguruan eztabaidatu dute bileran. Ideia nagusi horiek hauteskunde egitasmo bihurtu asmoz, datozen asteotan lan bilera irekiak egiteko asmoa agertu dute Zegama Lantzenekoek eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Izagirreren izendapenarekin batera, hauteskunde zerrenda osatuko duten hainbat lagunen izenak adostu dituzte, eta hurrengo asteetan espero dute hauteskunde egitasmoa zein zerrendaren behin betiko osaketa.