Provenzako Tourrean lider jarraitzen du Gorka Izagirrek
Philippe Gilbertek irabazi du hirugarren etapa esprintean, eta Gorka Izagirre bosgarren sailkatu da. Bihar jokatuko da laugarren eta azken etapa.

Provenzako Tourra (Frantzia) bukatzeko biharko azken etaparen faltan, lider jarraitzen du Gorka Izagirre (Astana) txirrindulari ormaiztegiarrak. Jaioterriko ziklo-krosean, Errege egunez, eroriko itsusia izan eta gero, hauxe da talde berriarekin korritzen ari den errepideko lehen lasterketa ofiziala. Atzoko etapan jarri zen sailkapen nagusiko buru Izagirre anaietan zaharrena, bederatzi laguneko ihesaldi bateko esprintean hirugarren egin eta gero. Movistarreko Eduard Prades izan zen azkarrena.
Gaurko etapa Philippe Gilbert belgiarrak irabazi du esprintean Le Castellet herriko Paul Ricard zirkuituan. Gorka Izagirre bosgarren sailkatu da, eta lidertzari eutsi dio. Bihar bukatuko da Provenzako Tourra, Avignon eta Aix-en-Provence (173,3 km) artean jokatuko den laugarren eta azken etapan. Gauzak estu daude sailkapen nagusian, bi segundo eskasera baititu atzetik Thibaut Pinot eta Tony Gallopin frantziarrak. Helmugarako 13 kilometrora La Cride mendatea (3. mailakoa) igo beharko dute txirrindulariek.
Denboraldi hasieran sasoiko daudela erakusten ari dira Izagirre anaiak. Joan den asteburuan, Valentziako Itzulia irabazi zuen Ion Izagirrek, eta biharkoan eusten badio, Provenzako Tourrean nagusitu daiteke Gorka Izagirre.