Zegamako Ostatua zabalik dago atzera
Ostatuaren irekiera ekitaldia atzo iluntzean egin zuten
Iazko irailaren 30az geroztik itxita egon ondoren, atzo iluntzean zabaldu zuten berriz Zegamako Ostatua. Irundik etorritako bikote gazte bati esleitu dio udalak ostatua kudeatzeko zerbitzua. Gizonezkoak eskarmentua du ostalaritzaren munduan, aurrez Lasarte-Oriako Danaonan eta Hondarribiko Arraun-etxen aritua baita sukaldean. Zegamarrei jan-edana eskainiz ekin zioten aro berriari arduradunek.
Taberna eta jatetxe zerbitzua –130 lagunentzako tokia du– eskainiko du, eta 25 lagun inguruk –10 logela ditu– ostatu hartzeko modua izango dute martxotik aurrera. “Haientzako apustu inportantea da, baina oso ilusionatuta daude”, adierazi du Joseba Izagirre Zegamako alkateak. Guztira 6 lanpostu sortuko dira ostatua behar bezala kudeatu ahal izateko, alkateak aurreratu duenez: “Herriko ostatua da, eta herritarrei zerbitzua emateko ez ezik, Santiago Bidea egiten ari direnei eta kanpoko bisitariei ere eman beharko diete”.
Lan martxan berak erakutsiko die zer ordutegia zehaztu eta atseden tartea nola egin, baina Izagirrek adierazi du eguneko menua ere eskainiko dutela. Gaurko eta biharko erretserba dezente dituzte jangelarako.
Herritarrez gain, agintariek ere parte hartu zuten atzo ekitaldian. Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria eta Iñaki Labaka Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka zuzendaria Zegama izan ziren, baita Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria ere.