Ataun, "jakintsu handien harrobia"
Omenaldia egin diote Joxe Martin Apalategi Begiristain antropologoari Ataungo herri antzokian: dokumentala, liburua, bustoa eta margolana egin dituzte hura gogoan izateko.
Urduritasuna eta ezinegona nagusitu dira Ataungo Herri Antzokiaren inguruan eguerdiko 12:00ak baino lehentxeago: Joxe Martin Apalategi Begiristain ikerlariari prestatu dioten omenaldia ikusteko zain daude herritarrak. Egoitzako ateak ireki bezain laster sartu dira antzokian esertzera. Apalategiren bizitzaren inguruko dokumentala, Joxemiel Barandiaran eta biok liburua, Apalategiren bustoa, eta azkenik, haren erretratua izan dituzte ikusgai bertan bildu direnek.
Ekitaldiko aurkezleak ikusleei ongi etorria eman ostean, Iban Toledo zuzendariak Apalategiren bizitzari buruz egin duen dokumentala ikusi dute. Toledok adierazi duenez, “ohore handia” izan da beretzako bideo hori osatzeko aukera izatea. Jaione eta Jokin Apalategik hartu dute hitza pantailako argiak itzali ostean, eta eskerrak eman dizkiete antolatzaileei egin duten lanagatik.
Paulo Iztuetak atondu du Joxemiel Barandiaran eta biok liburua, eta harrotasunez adierazi du Ataun “jakintsu handien harrobia” dela. Izan ere, herriak 2.000 biztanle ere ez dituen arren, “antropologiaren eta etnografiaren Euskal Herriko ardatzetako bat da”.
Ondoren, Mikel Lertxundi eskultorea eta Asier Rodriguez Ataungo alkatea igo dira oholtzara. Lertxundik Apalategiren bustoaren eta margolanaren aurkezpena egin du, eta Rodriguezek, berriz ere, antolatzaileei eskerrak eman dizkie.
Agurraren lehenengo musika notek hartu dute nagusitasuna oholtza gainean, eta dantzariek koreografia egin diote Lertxundik eginiko bustoari. Ekitaldiari amaiera emateko, azkenik, Ataungo Eate abesbatzako kantariek pare bat kanta abestu dituzte.
Paulo Iztuetak atonduriko liburua 5 euroren truke izango du nahi duenak ostiralera arte. Gaur 70 urte beteko zituzkeen Apalategik, eta dudarik gabe, izan zezakeen oparirik ederrena egin diote Ataungo herritarrek.