Euskara sustatzeko taldea sortzeko bilera, bihar
Euskaraldian Beasainen izandako harrera eta sortutako ilusioa ikusita, euskara sustatzeko taldea sortzeko asmoa dago herrian. Bihar, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan egingo da lehenengo bilera. Euskaraldian 2.500 beasaindarrek hartu zuten parte: 2.103 lagunek Ahobizi rola aukeratu zuten eta 466 lagunek Belarriprest rola. Euskaraldia bukatu ondoren, parte hartu zuten hainbat herritarrek erantzundako galdetegitik ondorioztatu daiteke,«esperientzia positiboa» izan dela Euskaraldia, «herritarren artean konplizitatea eta ilusioa» sortu dituela eta «pentsaera ezberdineko jendea norabide berean» aritu dela.
Horrekin batera, 11 egun horietan «euskaraz hitz egitearren azalpenik eman beharrik ez da egon eta horrek estres linguistikorik ez izaten lagundu du». Ondorioz, «gaztelaniaz egiteko ohitura izan eta euskaraz hitz egitera pasatzea sentsazio arraroa izan arren, jendeak ohiturak aldatzen saiatu da». Euskaraldiko txapak euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai diren zenbait lagun dauden identifikatzeko lagungarria izan da. Horregatik guztiagatik «euskarari behar duen garrantzia eman eta kalean euskara gehiago entzun da».
Beste aurrerapauso bat
Euskaraldia amaitutakoan «euskaraz aritzeko grina geratu zaie hainbat herritarri eta euskara ikasleak lotsak kendu eta euskaraz hitz egiteko saltoa ematera animatu dira». Hala ere, «uzta urtebetean» ez delako jasoko, «egunero jarraitu behar dugu euskaraz bizitzeko lanean».
Horretarako, herriko antolatzaileen artean «ilusio handia» eragin duelako, «indartze hori baliatu» nahi dute euskararen alde lanean jarraitzeko: «Beasainen aurrera egin nahi dugu Euskaraldiaren dinamikarekin eta horretarako, elkarlanerako eta auzolanerako, egitura bat sortzea pentsatu dugu: euskara talde bat». Taldea martxan jartzeko, herritarren laguntza behar-beharrezkoa dela diote: «Guk bakarrik ezin dugu». Beraz, «proiektu berri honi hilean bi orduko dedikazioa eskaintzeko prest» daudenei dei egin die bihar, 18:30ean, udaletxera joateko.
2020ko udazkenean bigarren Euskaraldia egingo da.