Sasoiko jarraitzen du Ion Izagirrek
Bigarren bukatu du Andaluziako Itzulian, Jakob Fulgsang taldekidearen atzetik
Denboraldi hasiera bikaina osatzen ari da Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra. Duela hamabost egun podiumeko koska nagusira igo zen Valentziako Itzulian, eta orain bigarren sailkatu da Andaluziako Itzulian Jakob Fulgsang taldekidearengatik zazpi segundora. Laugarren postuan Astanako beste taldekide batek amaitu du, Pello Bilbao gernikarrak.
“Lasterketa ezinhobea egin dugu, sendo aritu gara, eta jarritako helburua lortu dugu, itzulia irabaztea. Oso pozik nago taldearen lorpen berri honekin, baita Jakoben [Fulgsang] garaipenarekin ere. Ederra da niretzat bukaerako podiumean egotea. Sasoiko nago denboraldi hasiera honetan, eta hobetzen jarraitu nahi dut aurrerantzean ditudan helburuei begira”, adierazi du Izagirrek.
Paris Niza (martxoaren 10etik 17ra), Ardenetako klasikoak (martxoaren bukaeran), Euskal Herriko Itzulia (apirilaren 8tik 13ra) eta Italiako Giroa (maiatzaren 11tik ekainaren 2ra) izango dira Izagirrek datozen hilabeteetan korrituko dituen proba garrantzitsuenak.