Kirol elkarteek euskaren alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute
BKL saskibaloi taldeak eta Beasain Kirol Elkarteak duela urtebete sinatu zuten euskara bultzatzeko hitzarmena Eusport-ekin. Urtearen balorazio positiboa egin dute aldeek.
Eusport egitasmoko Koikili Lertxundi BKL saskibaloi taldeko gaztetxoekin. Euskararen presentzia eta sustapenerako, udalak, Eusport enpresak eta Beasainen herritar gehien biltzen dituzten bi kirol elkarteek – BKL eta Beasain KE– sinatutako hitzarmena urte bete egitear dagoenean, «balorazio positiboa» egin dute arduradunek orain arteko ibilbideaz. BKL saskibaloi taldea eta Beasain Kirol Elkartea udalerrian eragin gehien duten elkarteak dira eta haien egunerokoan euskarak zer nolako presentzia duen jakiteko Eusport enpresak egoeraren diagnosia egin ondoren, emaitzen berri eman du. Bi kirol elkarteen artean ia mila haur eta gazte biltzen dituzte, baina horiekin lotura zuzena duten herritarren sarea bikoiztu edo hirukoiztu egiten da.
Diagnosiaren arabera, «bi zuzendaritzek euskararekiko duten sentsibilizazioa argi geratu zen egindako diagnosian; beraien elkarteetako estrategia garatzean euskara oso presente dute. Euskarak garrantzia du eta barneratuta daukate. Zuzendaritzek euskaraz jarduteko gaitasun altua dute eta euskararen alde lan egiteko inplikazioa agerian utzi dute. Talde barruko harremanetan oro har euskararen erabilera maiztasunez egiten da eta bere presentzia maila ertain-altua da». Honela, eman beharreko hurrengo pausoak finkatu dituzte Eusport eta herriko elkarteek; denboraldi hau amaitu bitartean eta 2019an ere, barne mailan, komunikazioan eta zuzendaritzan lan egiten jarraitzea proposatu dute. Zuzendaritzen estrategian euskara barneratua dutela ondorioztaturik, egoera osasuntsu hori komunikazioaren bitartez balorean jartzea garrantzitsutzat» jotzen dute. «Indar berezia» egingo dute entrenatzaileen formakuntzan titu-
lazioak euskaraz jaso ahal izateko».
Bikain ziurtagiriaren bila
Euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatu eta aitortzen duen Bikain ziurtagiria lortzeko asmoa ere badute.













