Martxoaren 8ko Greba Feministarekin bat egingo du LAB sindikatuak
Martxoaren 8ko Greba Feministara batzeko deia egin du LAB sindikatuak, Ordiziako azokan.
Datorren martxoaren 8rako deituta dagoen Greba Feministara batzeko deia egin du LAB sindikatuak. Ordiziako azokan egon dira gaur goiz osoan zehar LABeko ordezkariak, herritarren artean informazioa banatzen. Iazko Greba Feministaren ondoren, aurten “harago joatea eta grebaren arrazoietan sakontzera” animatu nahi dute gizartea. Izan ere, iaztik “egoera hobetu beharrean, are gehiago okertu” dela uste baitute. Gaur egun oraindik “emakumeek egiten duten lanei, balio ekonomiko eta soziala kentzen zaie, zaintzak ez dira inorentzat lehentasun politikoa, emakumeek ez dute ez denborarik ez baldintzarik zaintzeko eta duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko”.
Honen aurrean, martxoaren 8an “besoak gurutzatuta geldituko ez” direla adierazi dute eta gizarte osoari egun horretan kalera ateratzeko deia egin diote.