Sutea piztu da bart Aralarren, Zabalegi mendian
Zabalegi menditik Bedaiora arteko mugara zabaldu da sua eta 30 eta 40 hektarea artean kaltetu ditu. Lehen hipotesien arabera nahita eragindakoa litzateke sua.

Sutea piztu da bart gauean, Aralarko Zabalegi mendian, Amezketa aldetik. Euskadi Irratiak zabaldu du albistea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriak aipatuz. Iturri horien arabera, 01:00ak aldera jaso dute abisua suhiltzaileek, eta sua Zabalegi mendiko tontorretik Bedaio arteko mugaraino zabaldu da.
Suhiltzaileak eta basozainak lanean ari dira; sutearen bi foku itzali dituzte, baina tontorrean suak piztuta jarraitzen du oraindik; sarbide txarrak eta haizeak zaildu egiten dute haien lana.
Lehen datuen arabera, 30 eta 40 hektarea arteko eremua kaltetu du, eta sua nahita eragindakoa dela pentsatzeko arrazoiak daudela uste dute.