‘Hazi ginen, hazi gara’ emanaldia eta Ivane Imazen solasaldia, bihar Igartzan
II. Trans Zikloaren barruan egingo dute . Transexualitatearen, aniztasunaren eta maitasunaren inguruan oinarritutako kantu, dantza, olerki eta hausnarketa saio berritua egingo dute.
Goierriko Zubiak eta Beasaingo Udaleko Berdintasun Sailak antolatu duen II. Trans Zikloaren barruan, bihar, 19:00etan, Igartzako jauregian, Hazi ginen, hazi gara emanaldia eskainiko dute Ekaitz Goikoetxea sortzaile beasaindarrak, Burlatako Askatasuna institutuan lankide, ikasle eta ikasle ohi izan dituen hainbat kiderekin batera. Transexualitatearen, aniztasunaren eta maitasunaren inguruko gaiak landuko dituzte eta duela bi urte sortutako Mahaitasunez proiektuaren emanaldi berritua eta egokitua aurkeztuko dute.
Duela bi urteko Beasaingo Mahaitasunez saioan Goikoetxeak Mikele Granderekin solasaldia egin zuen bezala, biharko saioan, herritar batekin, Ivane Imazekin egingo du solasaldia eta bere bizipenak bere ahotik entzun ahal izateko aukera izango da. «Zorionez, Mikelez gain, gero eta gehiago dira beren bizipenak gurekin partekatu nahi dituzten transexualitate egoeran dauden gaztetxoak, haien senide eta gurasoak, eta guretzat ere oso aberasgarria da bizipen ezberdinak ahots ezberdinetatik entzun eta barneratu ahal izatea». Biharko kasuan, «Ivane Imaz arituko da nirekin solasean gainera, jendaurrean lehenengoz. Ederra da poliki-poliki zein pauso ematen ari den ikustea. Desiratzen nago berarekin eta berarengandik ikasten jarraitzeko».
Emanaldi berritua
Ivane Imaz, Ekaitz Goikoetxea eta Irati Goikoetxea beasaindarrekin batera, Haizea Armendariz, Leire Merino, Olaia Baigorri, Aritz Itoitz, Eduardo Zudaire eta Leyre Aranak aurkeztuko dituzte testu, kantu, olerki, dantza eta hausnarketa berriak. Goikoetxearen esanetan, «duela bi urte bertaratu ginenetik, Olaia Baigorri olerkariak, Eduardo Zudaire gitarra jotzaileak eta hirurok soilik errepikatzen dugu». Izan ere, «urtetik urtera lankide eta ikasle berriak izaten ditugu ikastetxean, eta ikastetxea bezala, gure emanaldia ere berritzen eta egokitzen joan da. Hogei lagun baino gehiago gara han eta hemen oholtzaratu garenak». Beasaingo saioan, lehen aldiz parte hartuko duten hiru ikasle izango dira. Ikastetxean bertan, ikasgai batean edo bestean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak dira guztiak: «Testu eta kantu maite gutxi batzuk errepikatzen baditugu ere, partaideak bezala, gehien-gehienak berriki sortuak dira. Gure emanaldia gutako bakoitza bezalakoa da, bakarra eta errepikaezina».