EAJk hautagaitza aurkeztuko du Ataunen, Xabier Barandiaran buru dela
EAJ-PNVk 1991. urtean aurkeztu zuen azkenekoz udal hauteskundeetarako zerrenda Ataunen. Barandiaranek erronka berria "ilusioz eta arduraz" hartu duela dio.
Hogeita lau urteko etenaren ondoren, EAJ-PNVk udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du Ataunen. Xabier Barandiaran soziologo eta irakaslea izango da alkategaia. Hala erabaki zuten atzoko batzarrean Ataungo alderdikideek, aho batez. Barandiaranek “ilusioz eta arduraz” hartu du erronka.
Xabier Barandiaran (Ataun, 1969) Zientzia Politikoetan lizentziatua eta Soziologian doktorea da, eta Markel Olano diputatu nagusiaren kabinete buru izan da azken bi legealdietan. Barandiaran “lanean buru-belarri” hasteko prest agertu da “Atauni beharrezkoa duen bultzada” emateko eta “herria sendotzeko” helburuarekin.
EAJ-PNVk azkenekoz 1991. urtean aurkeztu zuen Ataunen udal hauteskundeetarako zerrenda. Geroztik, alderdiko kideak “hainbat hautagaitza independienteetan” parte hartu dute, besteak beste, Herrigintzan. Orain, “herriarekin duten konpromisoan aurrerapausoa” eman nahi dute, “herriaren garapen eta ongizatean ekarpena” egiten jarraitzeko asmoz.