Zegamako EH Bilduk udalaren "ateak ireki eta transparentziaz" jokatu behar dela dio
Zegamako EH Bilduko hautagaiek hauteskunde programaren egitasmo nagusiak aurkeztu dituzte, herritarren aurrean.
Zegamako EH Bilduk udal hauteskundeetako programa aurkezteko ekitaldia egin du asteburuan. Imanol Garmendia eta Josune Azurmendi hautagaiek, koalizio abertzalearen egitasmo nagusiak aurkeztu dituzte. Herritarrei botoa emateko deia egin diete, aldaketari “beldurrik ez izateko eta ilusioz hartzeko” eskatzearekin batera.
Lehenik eta behin, udalaren funtzionamendua aldatu behar dela azaldu du Garmendiak. “Beharrezkoa da ateak ireki eta transparentziaz jokatzea, herritarren parte hartzea bultzatzea eta erabakiak denon artean hartzea”. Auzoei garrantzia eman nahi diete, “udaleko bulegoetan ez ezik, proiektuak herriko plazan eta auzoetan” hitz egin behar direla uste baitu Garmendiak. Bide horretatik, San Bartolome, Olaran, Alderdi Eder nahiz Txarapen, “Zegamako bizilagunekin herriko kale, espaloi, eskailera nahiz parkeetan egin beharrekoak” aztertzeko konpromisoa hartu dute. Eremu publikoa “herritar guztientzat eroso” egitea lortu nahi dute, irisgarritasuna bermatuz. Herriko parke eta aisialdi guneen azterketa egitea eta “Ugarte-zelai auzoan jolas-toki edo berdegune eran aisialdirako eremua” eraikitzea proposatu du EH Bilduk.
Kulturari dagokionean, herriko Kultur Mahaia berreskuratzea proposatu dute, “euskaratik eta euskaraz” funtzionatuko duena. “Kultur egitasmoek ez dute goitik behera antolatutako zerbait izan. Batzordeek informatiboak izateari utzi, eta erabakitzeko ahalmena izango duten lan talde bihurtu behar dira”. Hala, “ekitaldi eta ikuskizunetarako areto bat” prestatzea eta “kultur eskaintza areagotzea” proposatu dute.
Gazteei begira, alokairu programa bat jarri nahi dute martxan, etxe hutsak eskaintzen dituztenekin poltsa osatu eta alokairu soziala bultzatuz. Gazteekin elkartzeko mahai bat ere sortu nahi dute, haiei zuzendutako aisialdia eta ahalduntze programak eskaintzearekin batera.
Adinekoen ongizatea ere kontuan izan dute, 2050 urterako, biztanleen %32k 65 urtetik gora izango dituela kontuan hartuta. Adineko herritarren osasuna, parte hartzea eta segurtasuna bermatu behar direla diote, eta “Zahartze Aktiboaren alde” lan egingo dutela. Aitamarrengo parkean gimnasia tresnen eremu bat prestatzeko asmoa iragarri dute, eta baita “belaunaldien arteko harremanak estutzeko egitasmoak” bultzatzekoa ere.
Bertaratutako herritarren ekarpenak jasota eta luntx batekin bukatu zuten ekitaldia. Zegamako EH Bilduk jakinarazi duenez, bihartik aurrera banatuko dituzte programak etxe guztietara.