Buruz buruko finala ekainaren 9ra atzeratu dute
Mikel Urrutikoetxeak eskatu du atzerapena, ezkerreko eskuan min duelako. Araudiak baimentzen duen eskaera bat da. Lehia erritmoari eusteko, Iker Irribarriak Irurtzunen partida jokatuko du bihar.
Ekainaren 2rako zegoen iragarrita Iker Irribarria eta Mikel Urrutikoetxearen arteko buruz buruko finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan, baina azkenean ekainaren 9an jokatuko da. Mikel Urrutikoetxeak eskatu du finalaren atzerapena, ezkerreko eskuan min duelako, eta EPEL Esku Pilotako Enpresen Ligako epaile bakarrak onartu egin du bizkaitarraren eskaera. Irribarria lan saio egitekoa zen bihar eta astelehenean Bilbon ekainaren 2ko finalari begira, baina atzerapenaren ondorioz prestakuntza aldatuko du, eta bihar enpresa partida jokatuko du aramarrak Irurtzun lehia erritmoari eusteko.
Mikel Urrutikoetxeak entrenamendu saioa egin du gaur Bilbon eta hor ikusi du atzerapena eskatzea komeni zitzaiola. Bengoetxearen aurka jokatu zuenetik min txikia du ezker eskuko kanpo aldean, eta Ezkurdiaren aurka jokatzeko garaiz sendatu zen arren, oraingoan ez du nahikoa denbora izan. Herenegun eskuaren zati hori handituta zuen, eta proban ez du hobeto sumatu. “Azpitik ematean eusten nion minari, baina airez sartzean ezin nuen ezta pilota ukitu ere. Horrela ezinezkoa da jokatzea”, azaldu du.
Urrutikoetxeak entrenamendua hasi eta berehala sumatu du mina, beroketan, baina jokatzen hasi ahala hobera egiteko itxaropena zuen. Orain fisioterapia ohiko tratamendua hasiko du ekainaren 9ra begira. “Hogei egun falta dira jokatzeko, tarte horretan eskuak asko egin dezake hobera”.