Goierriko boto kutxak betetzen ari dira poliki-poliki
Hauteskunde eguna aurrera doa, eta boto kutxak betetzen ari dira poliki-poliki. Goierritar asko joana da dagoeneko hauteslekuetara botoa ematera, baina oraindik 20:00ak arte daukate horretarako aukera. Eguerdi aldea izan da jendetsuena, meza orduak edo aperitiboarenak aginduta; bazkalondoa lasaia aurreikusten da.
Aparteko gertakaririk eta ezustekorik gabe doa hauteskunde eguna Goierrin. 09:00etan hauteslekuak ireki eta gero, goierritarrak poliki-poliki baina etengabe ari dira mahaietara hurbiltzen botoa ematera. Hiru kutxa dituzte aukeran: zuria, udaleko zerrenda zuria sartzeko; sepia, batzar orokorretako sepia kolorekoarentzako; eta urdina, Europako parlamenturako paper urdina sartzeko. Etxetik eramaten ez dituenak, hautes mahai guztien ondoan ditu eskura hiru bozketentzako hautaitza guztiak.
Goierrin 22 herritan jarri dira hauteslekuak; herri handienetan eskoletan, herri txikiagoetan udaletxe edo kultur etxeetan. Guztietan antzeko irudiak jaso dira, ordea: botoa ematera familian joandakoak, pertsona nagusiak lagunduz bat joandakoak… Udal hautagai asko ere igaro dira dagoeneko hautezlekuetatik.
Eguerdi aldea izan da toki guztietan jendetsuena, meza orduak edo aperitiboarenak markatuta. Goizean-goiz, mahaiak ireki ordurako joandakoak ere asko izan dira, Beasainen batez ere, gaurko Dantzari Txiki eguna hasi aurretik joan direlako botoa ematera guraso asko eta asko.
Bazkalondorena lasaia izango dela aurreikusten da.
Hona hemen Goierriko hainbat herritan ateratako argazkiak, Legazpin, Zumarragan, Urretxun, Beasainen, Lazkaon, Ezkion, Seguran eta Zerainen, besteak beste :