EAJk gehiengo osoa lortu du berriz ere Beasainen, 10 zinegotzirekin
Jeltzaleek 3.318 boto eskuratuta, azken agintaldian baino zinegotzi bat gehiago izango du. EH Bilduk zinegotzi bat galdu du. PSE-EEk bi mantendu ditu.
Festa giroko hauteskunde eguna bizi izan da Beasainen, Dantzari Txiki egunak lagunduta. EAJk nagusitasun osoz irabazi du (3.318 boto), bigarren aldiz jarraian, gehiengo osoa lortuz. Gainera, zinegotzi bat gehiago izango du. Aitor Aldasororen esanetan, 1977an, Juanito Lasa alkate zela, izan zituzten jeltzaleek 10 zinegotzi Beasainen. Beraz, Aitor Aldasoro izango da berriz ere alkate eta oso pozik azaldu da lortutako emaitzarekin: «Gehiengo osoak normalean egurra ekartzen du. Baina jendeak oraindik gehiago erantzun du, eta itxura batera behintzat, egin dugun bidea onartu du jendeak eta bide horretan jarraitu beharko dugu».
Bestalde, EH Bilduk azkeneko udal hauteskundeetako emaitza 17 bototan hobetu badu ere, (1.888) zinegotzi bat galdu du. Nerea Manzisidor alkategaiaren esanetan, lanean jarraitzeko «konpromisoa» hartzen dute, «gure proiektua indartzeko».
PSE-EEk, 885 boto eta bi zinegotzi lortu ditu. Eva Alvarez alkategaia «pozik» dago «taldeak lan handia egin duelako, eta positiboa izan da bi zinegotzi mantendu ditugulako. Taldea ia erabat berritu dugu, eta saiatuko gara hurrengo lau urteetan gure lana hobetzen, hurrengo hauteskundeetan islatu dadin».