Zirku ikuskizun batekin hasiko da bihar Uztakale egitaraua
Bihartik uztailaren 19ra arte Legazpiko kultur ekintzak kalera aterako dira. Bertako artistak eta kanpotik datozenak arituko dira. Jolas parkeak, astelehenetan
Hastear da aurtengo Uztakale. Hirugarren ekitaldia du ekain-uztaileko kultur ekintzak biltzen dituen egitasmoak; hirugarrena izen horrekin, zeren aurretik Uztaila Kulturala goiburupean urteetan egin baitute. Bihar ekingo diote kaleak kulturaz betetzeko bokazioa duen Uztakaleri. Hain justu, zirku ikuskizun batek emango dio hasiera egitasmoari.
Uztakalek haurrengan eta gazteengan bereziki erreparatzen du, eta oraingoan haientzat espresuki antolatutako ekintzak astelehenetan izango dira; orain artean astearteetan izan dira. Uztakalek, halaber, bertako artisten eta kanpotik datozenen ikuskizunei tokia egiten die. Hala, Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariek plazaratu berri duten diskoaren aurkezpenari tokia egingo diote uztailaren 18an, Uztakaleren hondarrean.
Egitasmoak beste begirada bat barne biltzen du. Legazpiko erdigunea eta auzoak zentroan kokatzen ditu, eta ekintzak Euskal Herria plazan nahiz Azokan egiteaz gain, Laubiden ere egingo dira ugari. Badaezpada, halere, Legazpiko Udaleko kultura sailak prestatutako egitarauan, eguraldi txarra eginez gero ekintzak Azokan izango direla ohartarazi dute.
Horrez gain, bertako taldeen lankidetzaren isla ere bada Uztakale. Dagoeneko klasikoa bihurtu den dantza erromeria ibiltaria egingo dute etzi, Oilar Jokoaren ostean, Korosti dantza taldeko kideek. Goiz Deiako txistularien ekimenez, bestetik, musika ikuskizuna izango da; Mielotxin, uztailaren5ean. Oteiza ardatz duen ikuskizunean, dantza garaikidea, musika eta bertsolari baten jarduna uztartuko dituzte eta, Legazpin izanda, Nerea Elustondo arituko da bertso kantuan. Ikatza argazkilari elkartekoek ikus-entzunezkoen emanaldien bidez egingo dute ekarpena. Berritasun gisa, aurtengoan parkour akrobazietan oinarritutako kirola egiteko aukera egongo da.
Urtean zehar espazio itxiek hartzen dituzte kultur ekitaldi gehienak. Haatik, Uztakalek kultur eskaintza kaleetara eramango du uztailaren 19ra arte.