Amaia eta Lide Erbina ahizpek brontzezko domina lortu dute Europako 7ko Txapelketan
Ordiziako Amaia eta Lide Erbina ahizpek 3. postua lortu dute Europako 7ko Txapelketan, Espainiako Selekzioarekin. Errusian jokatuko den Olinpiar Jokoen aurreko txapelketarako ere sailkatu dira.

Amaia eta Lide Erbina ahizpek sekulako denboraldia egiten jarraitzen dute. Martxoan Europako Txapelketa irabazi bazuten, orain hirugarren gelditu dira Marcoussisen (Frantzia) jokatu berri den Europako Errugbi 7ko Txapelketan. Belgira 5-34 mendean hartuta sartu zen Espainiako Selekzioa final erdietan –Lidek 2 entsegu egin zituen–. Final aurrekoan, ordea, 0-26 galdu zuten Errusiako talde indartsuaren aurka.
Finalean Frantzia etxeko taldea izan zen nagusi, Errusiari 15-7 irabazita. Finaletik kanpo gelditu baziren ere, brontzezko domina lortu du Erbina ahizpen taldeak. Eta hori baino garrantzitsuagoa dena, Olinpiar Jokoen aurreko txapelketarako sailkatu dira. Kazanen (Errusia) jokatuko da lehiaketa hori, uztailaren 13 eta 14an, eta Espainiaz gain, Frantzia, Errusia, Ingalaterra, Irlanda, Belgika, Polonia, Holanda, Italia, Moldabia, Errumania eta Alemania ariko dira lehian, denak eta, Tokioko Olinpiar Jokoetan tokia egiteko asmoz.