Profesionaletara jauzi egin du Beñat Ibarguren palari lazkaotarrak
Kirol Txartela Masterrean parte hartuko du eta Urrutia izango da haren bikotea.
Beñat Ibarguren Oianguko palariak profesional mailara egin du jauzi . Pasa den astean Sopelan jokatu zuen partidan estreinatu zen. Innpala enpresarekin debutatu du, Innpala Baiko Pilota enpresaren parte dena.
Ordiziako Oiangu Pilota Elkarteko palariak maila polita erakutsi du azken urteotan. Hori horrela, Innpala enpresak, kontratua egin dio hurrengo hilabeteetarako. Ibarguren «oso pozik» agertu da izan ere gutxi dira profesional mailan jokatzera iristen diren palariak.
Aurrelari lazkaotarrak Ibai Perezekin batera jokatu zuen Sopelan, bikote oso indartsu baten aurka, Pablo Fusto eta Xabier Ibargarairen kontra. «Partida ondo hasi» zuten Lazkaokoak eta haren bikoteak. Lehenengo zatia 10-8 bukatu zuten. Baina aurkariak esperientzia handiko gizonak dira eta haien nagusitasuna erakutsi zuten. 10-5 eta 10-3 izan ziren ondorengo emaitzak.
Hurrengo partida
Gaur goizean Donostian aurkeztu dute Kirol Txartela Masterra eta bertan izan da Ibarguren. Txapelketan parte hartuko du eta etzi, asteazkena, jokatuko du lehen partida, Urrutiarekin, Donostiako Atano III pilotalekuan 18:30ean hasita, Garate eta Andonegiren aurka.