Gaur arratsaldean hasiko dira Ordiziako Altamira auzoko festak
Arratsaldeko bostetan botako dute jaien hasierako suziria. Asteburuan, umeentzako ekitaldiak, mozorrotuen bazkaria eta musika izango dituzte.
Gaur arratsaldean lehertuko da festa Altamira auzoan. 17:00etan puntuan botako dute jaien hasierako suziria eta behin festak hasita, igandera arte iraungo dute. Adin guztietako jendearentzat antolatutako hiru egunetarako egitarau bete-betea izango dute.
Suziaria botatzearekin batera, apar festa egingo dute beroari aurre egiteko. 17:15ean, playback lehiaketari ekingo diote. Jaietako egitarauan bere tokitxoa egin duen bederatzigarren futbolin txapelketa egingo dute, 18:00etan hasita. Buruhandiak ere aterako dira eta musika estilo desberdinek girotuko dute arratsaldea eta gaua. Azteka Mariatxiak, Lokomotores elektrotxaranga eta, azkenik, karaokea egongo dira.
Mozorro bazkaria
Haurren krosarekin hasiko dute larunbat goiza eta marrazki lehiaketa egingo dute ondoren. Bazkari herrikoia ere antolatu dute egun horretarako, baina ez du balio edonola jantzita joatea. Mozorrotuta joan beharko dute bazkarira joaten direnak. Gaia 1980ko hamarkada izango da. Mus lehiaketa egingo dute bazkal ondoren. Arratsaldea erritmo afrikarrek girotuko dute eta gaua, berriz, Drindots taldeak.
Igandean, toka lehiaketa egingo dute 16:00etan hasita. Ondoren apar festa eta pailazoak txikientzat. 20:00etan DJ Sardinaren emanaldia eta 20:30ean Sardinaren hileta egingo dute.