«Gordetzen ditugun emozioek min handia egiten digute»
Zualbe, ongizate emozionalerako zentroa ireki du Beñat Zubeldia Alustizak (Zerain, 1986) Zerainen. Bioneuroemozioa metodologia erabiltzen du, emozioak landuz, pertsonen ongizatea lortzeko.
Ez da oso ohikoa Zerainen horrelako zerbitzu bat irekitzea.
Beasaingo Goiz Alzheimerren aritu nintzen eta kontratua bukatu zitzaidanean, beste zerbaiti heldu beharra zegoen. Formazioa banuenez, Zualbe irekitzea bururatu zitzaidan. Etxeko garajea kontsulta bihurtu dut eta egokia iruditzen zait Zerain bioneuroemozioarekin lotzea. Herri txiki batzuk lotura horiek dituzte; Betelu petrikilloarekin lotzen da adibidez. Errazagoa ikusten dut Zerain horrelako lotura bat sortzeko, herri handiago batekin baino.
Ez da psikologia kontsulta arrunt bat.
Bioneuroemozioa da ematen dudan zerbitzua.
Zer da bioneuroemozioa?
Gaixotasunen osagai emozionala aztertzen dut; guk sentitzen eta pentsatzen dugunak nola eragiten duen gaixotasun baten adierazpenean. Gaixotasun batean beti kanpoko faktoreetan jartzen ditugu begiak. Alkohola, tabakoa, elikadura txarra, ariketa fisiko eza… Baina gure barrura ez du inork ere begiratzen. Kausa beti kanpoan dagoela uste dugu baina inork ez du aztertzen gu sentitzen eta pentsatzen ari garena.
Frogatuta dago emozioek gaixotasunetan eragiten dutela?
Zientifikoki oraindik ibilbide handia dago egiteko, baina XXI. mendean gure emozioek gure organismoan inongo eraginik ez daukatela esatea, niri astakeria bat iruditzen zait. Azkenean, burua eta gorputza, dena bat gara, bakoitza ez doa bere aldetik.
Emozioek min handia egin dezakete.
Gordetzen ditugun emozioek min handia egiten dute; isiltzen duguna, azkenean, gorputzetik irteten da. Gure egunerokotasunean bizi ditugun gatazkatan emozioak gordetzen baditugu, nonbaitetik atera behar dira. Gure garunak emozio hori sortuta dauka, orduan nonbaitetik irten beharra dauka, eta irteera bakarra gorputza da. Buruak isiltzen duena, gorputzak azale- razten du. Inork ez du aztertzen osagai emozionala. Medikuarengana joaten garenean, medikua ez da zure biziaz arduratzen. Daukazunaren detekzio superfiziala egiten du, baina atzetik egon daitezkeen milaka faktoreak ez ditu aztertzen. Faktore emozionala, estresa… adibidez..
Zein duzu lan egiteko modua?
Abiapuntu bezala, bezeroa zein gatazkarekin datorren hartzen dut, sintoma fisiko bat edo zailtasun emozionalen bat, eta hortik tiraka-tiraka, atzetik dauden arrazoi emozional horiek azaleratzen saiatzen naiz. Gordeta daukagun hori azaldu dadila eta berari zailtasuna suposatzen dion hori, beste emozio positiboago batekin eraldatu. Hori da teknika, pertzepzio aldaketan sakontzen da.
«Emozioek gure organismoan
inongo eraginik ez dutela
esatea astakeria da»«Gorputzak ez du ezer
kasualitatez egiten. Bizitzen ari den
arazoari erantzuna ematen dio»
Buruaren edo sentimenduen isla da gorputza, beraz.
Bezeroa ikuspegi batekin dator, eta nik bistarazten dizkiot beste zein faktore egon daitezkeen eragiten, berak pertzepzioa aldatu dezan, eta ulertzen lagundu. Bere gorputza zertarako ari zaion erantzun hori ematen. Gorputzak ez du kasualitatez ezer ere egiten. Bizitzen ari den arazoari erantzuna ematen dio gorputzak. Sentitzen duzunarekin, mezu inplizitu bat ari zara zure organismoari bidaltzen. Gorputzak orduan, horri erantzuten dio. Gaixotasunak askotan dira, zu sentitzen ari zaren horri gorputzak ematen dion erantzuna.
Ume batzuk asko gaixotzen dira.
Bioneuroemozioa metodologia ez da umeetan aplikatzen, 16 urtetik gorakoentzat da. Umeen kasuan, gurasoak daude aztertu beharra. Umea belaki edo esponja bat da eta ama eta aita ez badaude ondo, hori xurgatu egiten du umearen egoera emozionalak. Umeak askotan azaltzen duena da, gurasoen inkoherentzia, gurasoen desoreka emozional hori.
Kosta egiten da psikologoarengana joatea.
Kosta egiten da, bai. Barne lanketa handiagoa eskatzen du. Zure burua zalantzan jartzea, ispilu baten aurrean jartzea, zure burua aztertzea, ondo zer ez doan ikustea… horrek mina ematen du askotan. Gauza mingarriak ateratzen dira askotan. Zure egunerokoan dituzun harremanak zalantzan jartzen dira, gurasoekin, bikotearekin, lagun artean, lanean… behin hori bistaratuta, aldaketa batzuk egitea suposatzen du askotan, eta neurri horiek hartzea kosta egiten da.
Arazoen konponbideak hortik etorriko da askotan.
Ni seguru nago baietz. Harreman toxiko batean baldin bazaude, kalte egiten ari zaizun harreman bat baldin badaukazu, hori moztu egin behar da. Estres horrek ataraxia pasatzen badu, abixua ematen du gorputzak. Gorputza entzuten jakin egin behar da. Kalte egiten ari bazaizu, onena erro-errotik moztea da. Neurri horiek hartzea kosta egiten da, askotan gertuko pertsonak dira eta. Baina beste erremediorik ez dago.
Zure bi abizenen eta izenen lehenengo bi hitzak hartuta osatu duzu zentroaren izena. Logotipoak esan nahi berezirik badu?
Enbor bat da, eraztunekin eta erdian hiru hazirekin. Enborretako eraztunek zuhaitz horren ibilbidea markatzen duela esaten da. Hiru haziak bioneuroemozioan lantzen diren hiru eremu dira.
Zeintzuk dira eremu horiek?
Lehenengoa, transgenerazionala deitzen dioguna: gure arbasoen historiak nola eragiten digun, nola heredatzen ditugun gure arbasoen gatazkak. Bigarrena, zentzu egitasmoa: amaren tripan zaudenean amak bizi dituen gatazka emozionalak nola eragiten dizun zuri. Fetoa formatzen ari da eta garun egituran sekulako eragina dauka ama sentitzen ari denak. Eta hirugarren hazia, jaio ondorengo bizitza. Gatazkak hiru eremu horietatik datoz.
Enric Corbera kataluniarra, sortzailea
Internet bidez izan zuen Beñat Zubeldiak Eric Corbera kataluniarraren bioneuroemozioa kontsulta-modu humanistaren berri, psikologia ikasketak bukatu berritan. «Berehala gustatu zitzaidan, barruak mugitu zizkidan».
Ikasketak eta masterra egin eta ikasitakoa praktikan jartzen hasi da orain, pertsonei ongizatea lortzen lagundu nahi baitie. Izan ere, «pentsamendu, emozio eta sinesmenek geure bizi kalitatean eragin zuzena dutela oinarritzat harturik, eta gorputza, burua eta emozioen arteko ezin bananduzko harremana ahaztu gabe, geure eguneroko arazoak ulertzeko modu berria da».Bioneuroemozio metodoaren eta bere kontsultaren xehetasunak zualbe.eus webgunean jaso ditu zeraindarrak.