Jazz doinuak ate joka datoz
Hiru egunetarako egitaraua, sei talde eta hiru eszenatoki izango ditu Goierriko Jazzaldiaren zazpigarren edizioak. Angel Unzu laukoteak itxiko du Araman aurtengoa
Kultur agendan tokitxo bat egin duen Goierriko Jazzaldia iritsi da. Aurtengoa, zazpigarren edizioa da. Atzo osteguna ekin zioten, eta hiru egunetarako egitaraua antolatu dute. Ohikoa den bezala, Ordizian eta Araman izango dira kontzertuak.
Goierriko Jazzaldia «inguruan falta zen kultur eskaintza egiteko asmoarekin» sortu zen Urtzi Etxeberriak, antolakuntzako kideak adierazi duenez. Lau pertsona daude lan taldean, jazzaren zaleak guztiak; ia urte osoa daramate lanean, aurtengo edizioa ere maila gorenekoa izan dadin.
Eszenatokiak hiru izango dira. Ordiziako Amonane tabernan ireki zuten atzo jaialdia,Trizak taldearen eskutik. Gaur, Ordiziako Plaza Nagusia izango da topalekua. Bi talde entzun ahalko dira bertan. Dizzy Do Quintet da bat. Donostiako boskote honek Dizzy Do, Jose Mari Dorronsoro du taldeko liderra. Tronpeta jotzaile handi baten seudonimoa hartu eta Do ingelerazko hitza gehitu dio, ‘egin’ esan nahi duena. Ez da kasualitatea, izan ere, musika egin, egiten dute. 19:30ean hasiko dira.
Ondoren, toki berean, Raven taldeak goxatuko ditu entzuleen belarriak. Paristik (Frantzia) datorren taldea da, eta laukote batek osatzen du. Tonu epelak dituen jazz melodikoa egiten dute.
Arama, eszenatoki bikaina
Eguraldiak laguntzen badu, beste behin ere larunbaterako plan ezin hobearekin dator Jazzaldia. Ordiziatik Aramako parkera egingo dute salto, eta han izango dira jaialdiko azkeneko hiru kontzertuak. 18:00etan Edorta de Pedrok zuzendutako Zirriborro Jazz Band-ek joko du. Musika Eskolei tartea utzi nahi die Goierriko Jazzaldiak, eta larunbat arratsaldea irekiko duen hau Donostiako Zurriola ikastolako gurasoek osatzen dute.
Jazzaldia ezagutzen duen talde batek joko du ondoren. Nacho Soto Experiment 64-k 19:30ean hasiko du emanaldia. Rock-a eta fusio jazza joko ditu pianoarekin, taldekideek lagunduta.
Angel Unzu Cuarteto Electrico laukoteak itxiko du aurtengo Jazzaldia. 21:00etan hasiko dute emanaldia. Bere azkeneko lana aurkeztera dator Angel Unzu, bidelagun dituen musikari handiekin: Gonzalo Tejada, Juan Manuel Urriza eta gonbidatu berezi bezala Andrzej Olejniczak saxofoi jotzailea.