Lau segalari Europara
Almitza elkartearen Sega Ligatik Jauregi, Garmendia, Elosegi eta Mendizabal zaldibiarrak sailkatu dira Europako Txapelketara. Altzon, Jexux Goenaga eta Alaitz Imaz atera dira ligako garaile
Nazioarteko eran jokatzen den Euskal Sega Ligako txapeldun Jexux Mari Goenaga errezildarra eta Alaitz Imaz hernialdearra dira. Almitza sega elkarteak antolatuta, Altzon (Gipuzkoa) jokatu zen hirugarren eta azken jardunaldia, larunbatean. Bi txapeldunek irabazi zuten eguneko lanean ere.
Maila nagusiko podiumean bi goierritar sartu dira: Migel Mari Jauregi eta Maide Garmendia aita-alaba zaldibiarrak; hirugarren izan dira gizonezkoen eta emakumezkoen azken sailkapenetan. Gazte mailetan, berriz, bi txapelak Goierrira etorri dira, Zaldibiara zehazki: Garmendiak jantzi du nesketan, eta Graxi Elosegi zaldibiarra izan da txapeldunorde. Mutiletan, Josu Mendizabalek irabazi du, Araitz Gabirondorekin puntutan berdin.
Urtero bezala —aurten 10. liga—, hiru jardunaldi izan ditu: Beramendin (Nafarroa), Araian (Araba) eta Altzon. Guztira, 36 segalari lehiatu dira emakumezkoak, horietatik 15: nagusien mailetan 20, gazteak 16.
Euskal taldean Austriara
Azkartasunean eta txukuntasunean oinarritutako segakera Euskal Herrian sustatzeko helburuaz gain, Europako Txapelketara bidaltzeko Euskal Herriko taldea izendatzea ere bada Sega Ligaren egitekoa. Oraindik erabat itxi gabe dagoen arren, sailkapen nagusiaren arabera segalari batzuk hautatu dituzte.
Austrian jokatuko da aurten Europako Txapelketa, abuztuaren 15ean. Banakako eta taldekako modalitateetan ariko dira. Euskal taldearen barruan, lau goierritarrek lortu dute txartela, denak zaldibiarrak: Migel Mari Jauregi Altzo, Maide Garmendia, Graxi Elosegi eta Josu Mendizabal.
Gizonezko helduetan, Goenaga, Jauregi, Bixente Mitxelena, Julen Gabirondo, Jon Otegi eta Amaiur Arrospide ere izendatu dituzte. Hamarrekoa osatzeko beste lau segalari beharko ditu Almitzak, oraindik.
Emakumeetan, Imazekin batera, Ainara Otamendik, Garmendiak, Elosegik eta Luixa Uzkudunek osatuko dute taldea. Gazteen lehiaketa 15 urtez azpikoek jokatuko dute, eta Maide Garmendia eta Izadi Arrospide; eta Josu Mendizabal eta Jokin Mikeo beruetearra dira Europarako sailkatuak.