Mielotxin folk taldeak herri-doinu nafarrak dakartza Gernika plazara
Iaz bezala aurtengoan ere, Goiz Deia txistulari taldekoek ekarpena egin diote Uztakaleri. Haien eskutik dator Mielotxin taldea. Kontzertua gaur da, 19:30ean
Mielotxin folk talde nafarrak kontzertua egingo du gaur, 19:30ean, Gernika plazan Uztakaleko egitarauaren barruan. Goiz Deia txistulari taldeko kideek aurtengo udako kultur egitasmoari egindako ekarpena da; iazkoan ere jarri zuten bere alea.
Mielotxin taldea 2013an sortu zuten Nafarroa osoko musika herrikoia berritzeko eta berpizteko; finean, berreskuratzeko eta zabaltzeko. Musika kulturaren aberastasunaren zein aniztasunaren isla denaren jakitun, orduz geroztik ari dira nafar musika zabaltzen. Gaurkoan Legazpin izango dira euskarazko nahiz gaztelaniazko abestiak jotzen eta kantatzen; halaber, abesti instrumentalak, dantzak eta doinu herrikoiak zein eurek sortutakoak eskainiko dituzte gaurko kontzertuan.
Txistuak, txirulak, albokak eta eskusoinuak kontrabaxuarekin, pianoarekin eta perkusioarekin bat egiten dute. Iñigo Aguerri (ahotsa eta eskusoinua), Ismael Yagüe (txistua, alboka, pianoa eta beste), Salva Tarazona (perkusioa) eta Xabi Folch (kontrabaxua) dira Mielotxin.