Legazpiko PSE-EEk ez du programa-hitzarmenik egingo jeltzaleekin
Udalbatza berria osatu dute; EAJk zinegotzi bat gehiagorekin eta PSE-EEk bat gutxiagorekin. EH Bildu berrituta dator. Alberto Bezunarteak Legazpiko Berdeak taldearen izenean jarraituko du.
Agintaldi berriari hasiera eman diote Legazpiko Udalean. Udalbatza berria elkartu zen herenegun arratsaldean datozen lau urteetako jardunari hasiera emateko. Hartutako erabakiez harago, Oscar Valbuena PSE-EEko zinegotzi bakarrak gai zerrendaren bigarren puntuan esandakoa nabarmendu daiteke. Hain zuzen, EAJko udal gobernuaren parte ez dela izango adierazi zuen: «Ez dugu programa-hitzarmenik sinatuko. Aitzitik, erakundearen egonkortasunaren bermea izango gara». Aurreko agintaldian hitzarmena egin zuten.
Areto nagusiko mahaiaren bueltan hainbat ezberdintasun zegoen aurreko agintaldiarekin alderatuz gero. EAJ-k zinegotzi bat gehiago du eta aurretik Javier Iraeta bozeramailea zena Koldobike Olabideren alboan esertzen zen; orain Eric Galvez dauka ondoan eta hura izango da jeltzaleen bozeramailea.
EH Bilduko zinegotzi guztiak berriak dira, PSE-EEk zinegotzi bakarra dauka lehen bi zituen eta Albeto Bezunarteak Legazpiko Berdeak ordezkatuko ditu orain.
Udala, aurretik bezala, hiru sailetan banatuko dute. Aurreko antolaketari «segida emango» diotela esan zuen Galvezek. Aldaketa batzuk bai egin dituzte sail bakoitzak hartzen dituen azpisailetan. Antolaketa bozkatu zuten eta Bezunartearen abstentzioa ez beste guztiak aldeko botoak izan ziren.
Udalaz kanpoko erakundeetara bidaliko dituzten ordezkariak aukeratu zituzten. EH Bilduk Sasieta Mankomunitatean ordezkariak izateko proposamena egin zuen, baina ez zen atera, eta bozketa hark, azken buruan, hasi berri den agintaldiaren indar alderaketa zein izan daitekeen adierazi zuen: 7 kontra (EAJ eta PSE-EE) eta 5 alde (EH Bildu eta Berdeak).