«Urretxuko igerilekuko tabernan, napolitana da izarra»
Tatiana Vasilevak (Bulgaria, 1978) 16 urte daramatza gure artean. Galeperrako taberna gobernatu zuen eta uda honetan Urretxuko igerilekuko tabernako arduraduna da.
Zertan lan egiten zenuen Bulgarian?
Ostalaritzan eta fabrika batean lan egin nuen.
Zergatik erabaki zenuten zuen herrialdetik irtetea?
Lan gutxi zegoen eta, gainera, gutxi ordaintzen zuten. Ez genuen nahikoa kobratzen familia aurrera ateratzeko. Gurasoei laguntza eskatu behar genien. Nire senarra izan zen etortzen lehena, 1999an. Bere bi anai eta arreba bat dagoeneko hemen zeuden. Lehenengo Burgosen lan egin zuen, egurrarekin lan egiten zuen enpresa batean. Neguan eguraldiagatik lan egiteari uzten ziotenez, Zaragozara joan zen. Lantegi batera. Alaba eta biok orduan etorri ginen. 2002. urtea zen. Handik Zumarragara etorri ginen. 16 urte daramatzagu hemen. Senarrak Donostiako metroko obran lan egiten du.
Seme-alaba gehiago izan al dituzue?
Ez. Alaba bakarra dugu. Historia ikasi du eta ondoren masterra egin du. Igerilekuko tabernan laguntzen digu, baina irakasle izan nahi du. Oso harro gaude beraz, unibertsitate ikasketak euskaraz egin baititu eta ohorezko matrikula batzuk lortu baititu. Hona heldu ginenean beldurtu egin ginen, ez baitzegoen eskolak gazteleraz ematen zituen ikastetxerik. Donostiako ikastetxe batera joaten zen, baina goizegi jaiki behar zen eta Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxean matrikulatu genuen. Be- rehala ikasi zuen euskara. Karrera euskaraz egin behar zuela esan zigunean harritu egin ginen, baina lan bikaina egin du.
Urretxun eta Zumarragan ondo hartu al zintuzteten?
Bai, nahiz eta etorri ginenean egun baino askoz ere etorkin gutxiago zeuden. Jendeak, ezagutzen zaituen heinean, konfiantza hartzen du.
Zer da Euskal Herriko bizimodutik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana segurtasuna da. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, euria. Gure jaioterrian hemen baino euri gutxiago egiten du. Hango klima Errioxakoaren antzekoa da. Udan bero handia egiten du eta neguan hotz handia, baina negua ez da hemen bezain iluna. Hau, lainotzen denean, tristea da. Dena den, dagoeneko ohitu gara.
Zer egiten duzue aisialdian?
Korrika egitea, mendira joatea, etxekoekin egotea, lagunekin irtetea… gustatzen zaigu. Ostegunetan pintxo-potea egiten dugu, lagunekin.
Zertan lan egin duzu Urretxu-Zumarragara etorri zinetenetik?
Gauza askotan lan egin dut. Galeperra elkarteko taberna gobernatu genuen, Legazpiko Dia hipermerkatuan lan egin nuen, Urretxuko Dia supermerkatuko arduraduna izan nintzen… Azken hau iaz utzi nuen. Ez nuen gustuko ezer aurkitzen eta Urretxuko igerilekuetako taberna hartzea erabaki nuen.
Zer moduz joan dira lehen aste hauek?
Lehen egunak oso ondo joan dira, oso eguraldi ona egin baitu. Oso pozik gaude.
Zer eskaintzen duzue bertan?
Neska-mutiko asko etortzen dira eta egun osoan zehar lan egiten dugu: goizean kafeak, ondoren entsaladak, plater konbinatuak eta ogitartekoak, izozki eta napolitana asko ere saltzen ditugu… Napolitana Urretxuko igerilekuetako izarra da. Orea kanpotik ekartzen dugu eta labean egiten ditugu. Eguraldi ona egiten duenean, 200 baino gehiago saltzen ditugu. Neska-mutiko batzuk bizpahiru jaten dituzte egunean. Gure bezero onenak neska-mutikoak dira. Gurasoek baino diru gehiago gastatzen dute. Dena den, napolitanen usaina igerilekuko txoko guztietara heltzen da eta helduek ere erosten dituzte.
Noiz etortzen da jende gehien?
Asteburutan familia asko etortzen dira eta plater konbinatuak eta errazioak eskatzen dituzte.
Igerileku bateko taberna eguraldi ona egiten duenean bakarrik da errentagarria. Askotan begiratzen al duzu eguraldiaren iragarpena?
Oso negozio arriskutsua da. Izan ere, langileak kontratatu behar ditu eta horiek eguraldi ona edo txarra egin lanera etortzen dira. Oraingoz, oso gustura gaude. Hala jarraitzen badugu, uda ona izango da. Eguraldiaren iragarpena askotan begiratzen dut. Euskalmeten webgunera sartzen naiz, zein eguraldi egingo duen jakiteko eta lana antolatu ahal izateko.