Gipuzkoako Udako Igeriketa Txapelketa bikaina egin dute Ordiziako igerilariek
Markel Iglesiasek igeriketa egokituko infantil mailan eta junior-absoluto mailan nesken errelebo taldeak lortu dituzte dominak.
Gipuzkoako Udako Igeriketa Txapelketa jokatu dute infantil eta junior absoluto kategoriatan asteburuan Irungo Azken Portu kiroldegian. Ordizia Igeriketa Taldeko bederatzi igerilarik parte hartu dute eta albiste oso onekin bueltatu dira. Markel Iglesias Goya, igeriketa egokituko partaideak, bigarren egin zuen infantil mailan, 100 metro tximeleta eta 50 eta 100 metro estilo libreetan egindako denboreei esker. Junior-absoluto mailan erreleboetan aritu ziren neskak ere dominekin bueltatu ziren. 4×100 libreetan eta 4×100 estiloetan bigarren eta hirugarren postuak lortu zituzten eta Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko denborak egin zituzten 4×50 libreetan, 4×100 libreetan eta 4×50 estiloetan.
Bestalde, sei igerilarik parte hartu zuten infantil mailan, Inge Razkinek, Endika Matek, Ane Iturriozek, Dorleta Garziak, Josu Garmendiak eta Ixiar Barandiaranek. Guztiek, txapelketa bikaina egin zuten. Dominarik ekarri ez bazuten ere, marka pertsonalak hobetzea lortu zuten.
Azkenik junior-absoluto mailan, Jhon Diazek, Maider Llorentek eta Maddi Arratibelek parte hartu zuten. Hauek ere, ederki moldatu ziren. Nabarmentzekoa da Arratibelek egindako lana. 100 estilo libretan, urteko helburua bete zuen, minutu bateko denboratik jeistea hain zuzen ere.
Aste honetan, Euskal Herriko absoluto mailako txapelketa jokatuko dute Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian ostiralean, larunbatean eta igandean. Ordizia Igeriketako Maddi Arratibel, Maider Llorente , Ane Iturrioz eta Dorleta Garzia bertan izango dira.