‘Transformatzen’ dokumentala, Paraguaiko LesbiGayTrans zine jaialdian lehian
Trasnsexualitatearen gaia lantzen du Garazi Zabaleta eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarrek eta Aitor Lanas iruindarrak duela urtebete osatutako dokumentalak
Transformatzen dokumentala Hego Amerikako XV. LesBiGayTrans Zine Festibaleko Sail Ofizialean lehiatzeko hautatua izan da. Jaialdia Paraguain egingo dute, hilaren 15etik 20ra. Aitor Lanas iruindarrak eta Garazi Zabaleta eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarrek osatzen duten HiKiru taldeak iaz estreinatu zuen Transformatzen dokumentala.
Transexualitatearen inguruko «ertz eta ahots ezberdinak bilduz ondutako dokumentala» argitaratu eta herriz herriko eta ikastetxez ikastetxeko ikustaldi eta lanketetan murgildu dira geroztik. Ekaitz Goikoetxearen esanetan, «urtebete pasatxoan 20 herri eta beste hainbeste ikastetxe ezberdin baino gehiago dira dokumentalaren ikustaldi-lanketa eta Naizen elkarteko kideren baten bizipenekin trans-formatzeko aukera izan dutenak».
Hala, HiKiru taldeko kideak «oso gustura» daude ikastetxe, auzo, herrietan, gaztetxo nahiz helduengandik jasotako «arreta, harrera eta esker onarekin, eta baita Euskal Herriaz haragotik» iritsi berri zaienarekin ere. Era horretan, «mezu eta aupada bakoitza eskertuz, irrikatsu» jarraitzen dute udazkenetik aurrera ere Euskal Herriko ikasgela eta «zinemak koloreztatu eta trans-formatzen jarraitzeko».