Hamargarren Ehunmilak abiatu da helmugarantz
Ehunmilak ultratrailaren 10. ekitaldia martxan da. Arratsaldeko seiak puntuan, Beasaingo Loinazko San Martin plazatik irten dira korrikalariak, bero saparekin. Ia 1.600 boluntario dituzte gain-gainean, bi eguneko hiru lasterketetan.
Vangelis taldearen ‘Conquest of Paradise’ (Paradisuaren konkista) abestia bozgorailuetatik sarkor ari zen bitartean, 474 korrikalarik maila eta une berean hasi dute 10. Ehunmilak lasterketa (166 km). Bi egun dituzte, leku berean bukatzeko. Abaila batean abiatu dira batzuk plazatik beherako aldapatxoan; korrika bizian gehienak, eta norberaren ahalmenaz jakitun, oinezko pausaje lasaian azkenekoak.
Izena emanda zeuden 515 korrikalarietatik (26 emakumezkoak) 41ek ez dute dortsala jaso. Urduritasuna eta kirioak menderatzeko ahaleginak izan dira lasterketa hasi baino ordu erdi bat lehenagotik atleten artean nabaritu direnak. Norbere baitara biltzekoak askorentzat, kontzentrazioa aurkitzekoak, edo lagun artean solas alaian aritzekoak. Selfieak handik, argazkiak hemendik. Ur botila eskuan. Kataluniar talde bat, irribarretsu, animotsu zegoen: “Iaz ere parte hartu genuen Ehunmiletan, eta, hala eta guztiz ere, hemen gaude aurten ere. Masokista puntu bat badaukagu, bai”, zioten, umorez.
Eta itzala bilatzekoak. 29 gradu zegoen 18:00etan plazan, eta eguzki bizitan gehiago. Udaletxeko arkupea eta kiosko nahiz etxeen gerizpea izan dute hasi aurretik lagun. Probako mediku buru Haritz Esnalek (Donostia Ospitaleko Larrialdietako medikua da) beroarekin argi ibiltzeko esan die partaideei, irten aurretik: “Buruz jokatu, lasai hasi, eta hidratazioa oso ondo zaindu. Lehenengo bi orduetan beroa pasatuko duzue”, ohartarazi die. Animoak ere jaulki dizkie: “Hemen egoteagatik eta paparrean dortsala edukitzeagatik bakarrik, jada pribilegiatuak zarete. Osasun arazorik ez duzuela eta ondo eta asko entrenatu duzuela esan nahi du horrek”.
Berrikuntza bat txiparena da: dortsalean itsatsita izango dute. Bai Ehunmiletan, bai Goierriko Bi Handietan, bai Marimurumendin, eskaini dituzten dortsal guztiak banatuta daude. Ia 1.600 boluntario arduratuko dira hiru egunotan 1.295 korrikalariak artatzeaz eta gidatzeaz.
Ateri lehenengo 24 orduetan
Mikel Valdivielso zuzendariak ere lau hitz esan dizkie, labur. Batik bat, eguraldiari dagozkionak. Lehenengo 24 orduetan ateri izango dute, eta gero zaparradak egiteko arriskua izango da. Mikel Apaolaza, Idoia Baztarrika eta Iñaki Mozo esatarien ahotsean jarraitu ahalko da lasterketa Beasaingo plazan. Baita Ehunmilen webgunean eta Goierriko Hitzarenean ere.
Txalaparta ttakunen ondoren, Iñaki Apalategi eta Maddi Aiestaran bertsolari beasaindarren bertso banarekin, eta Aurtzakako dantzarien eta Goizeresiko txistularien Agurrarekin abiatu dira korrikalariak, Usurbera bidean. Ehun miliek jarriko dute bakoitza bere lekuan.