Mendi maratoia, bosgarrenez
Irteera ordubetez aurreratu dute, 08:00etara, bero gehieneko orduak saihesteko helburuarekin. Probak estimazio handia du, eta izen-ematea ordubetean itxi da aurten. Ingrid Ruiz eta Aleix Bautista kataluniarrak, iazko irabazleak, irteeran izango dira. Parte hartuko duten 265 korrikalarietatik 216 gizonezkoak dira eta 49 emakumezkoak.
Lehen bost urteetan bi proba luzeak antolatzetik, seigarrenean hirugarrena gehitu zitzaion: Marimurumendi mendi maratoia. Ehunmilen antolatzaileek hutsunea sumatzen zuten igandean –banaka-banaka iristen ziren EHMko korrikalariak, baina beste festarik ez zegoen 18:00etan sari banaketa hasi arte–, eta maratoi bat antolatzea izan zen burutazioa. Laburragoa bai, baina ez gutxiestekoa, maratoi bat baita: 42,195 kilometro eta 2.300 metroko desnibel positiboa. Estimazioa du mendi lasterkarien artean, ordubete eskasean amaitu baitziren dortsalak. Bosgarren ekitaldia da aurtengoa.
Irteera 09:00etatik 08:00etara aurreratu dutela da aurtengo berritasun nagusia, bero gehieneko orduak saihesteko asmoz. Korrikalariak Usurbera abiatzen dira lehenik, handik Agortara jaitsi eta Murumenditik barrena, Pagorriagatik Mandubiara jaitsiko dira. Berriz ere gora ekin beharko diete Kizkitzara igotzeko aurrena eta ondoren, lasterketako punturik gorenena, Izazpira. Itzuleran, Kizkitzatik Arriaranera, eta urtegitik Agortara igoko dira berriz, plazara jaisteko.
Iazko bi irabazleak
Emakumezkoetan, iaz probaren errekorra jarri zuen Ingrid Ruiz kataluniarra Beasainen izango da berriz, baita haren herkide Aleix Bautista ere –iaz txapeldun, 2017an bigarren eta 2016an hirugarren–. Amaiur Iglesias podiumean beste koska bat gora egiten saiatuko da aurten (2017an 3.a eta iaz 2.a), eta iaz parte hartu ez, baina 2017. urtean bigarren sailkatu zen Oihana Arratibel ordiziarra ere lehian ibiliko da.
Gizonezkoetan, 2017ko edizioa irabazi zuen Bartosz Gorczyca poloniarra eta iaz podiumaren atarian geratu zen David Martin izango dira kataluniarraren aurkaririk gogorrenak.
265
mendi lasterkari. Marimurumendin 265 lagunek hartuko dute parte, iazko proportzi berean: 216 gizonezkok eta 49 emakumezkok.
Euskal herritarrak. Gehiengo nabarmena da euskal herritarrena: 173. Horietatik 148 gizonezkoak, eta 25 emakumezkoak. Gipuzkoakoak 95, Bizkaikoak 29, Arabakoak 20 eta Nafarroakoak 4 dira.
Estatu mailakoak. Estatutik 88 korrikalari izango dira, iaz baino 23 gutxiago: 64 gizonezko eta 24 emakumezko. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 54: Tarragona (14), Bartzelona (10), Valentzia (9), Alacant (7), Girona (6), Balear Uharteak (5) eta Castello (4). Madrilgoak dira 10 korrikalari, Malagakoak 4, Zaragoza eta Tenerifekoak 3na, eta Kantabriatik 2. Banaka datoz beste bost probintziatatik: Caceres, Palentzia, Las Palmas, Murtzia eta Valladolidetik.
Estatuz kanpokoak. Estatutik kanpoko lau atleta ere irteera puntuan izango dira, denak gizonezkoak: Suedia, Argentina, Polonia eta Frantziako bana.