«Sentsazioen arabera joango naiz, lehenengo aldia izanik»
Lasterketa motzagoetan gusturago aritzen bada ere, aurtengoan Marimurumendi egitea erabaki du. Lehen aldiz izango da bertan, baina ibilbidearen berri jaso du.
Urteak daramatza Mikel Senperenak (Abaltzisketa, 1989) mendi lasterketetan parte hartzen. Marimurumendi maratoia izango da orain arte aurten egingo duen lasterketa luzeena.
Nolatan erabaki duzu Marimurumendi lasterketan parte hartzea?
Orain dela bost urte parte hartu nuen Goierriko Bi Handiak proban, etxe ingurutik pasatzen zelako. Ez nuen bukatzerik izan, eguraldi oso txarra zegoelako. Aurten Marimurumendi lasterketan parte hartzea erabaki dut.
Ibilbidea ezagutzen duzu?
Egia esan ez dut ezer ezagutzen. Normalean Aralar aldean aritzen naiz entrenatzen, eta Goierri aldeko zona ez dut kasik ezagutzen. Baina, irtengo naiz eta ea zer ateratzen den.
Marimurumendi ez da Abaltzisketa ingurutik pasatzen. Halere, animoak ematera joango zaizkizu?
Espero dut norbait joango dela animatzera. 2014an atera nintzenean, beti nuen buruan Goierriko Bi Handiak egin behar nuela, etxe ondotik pasatzea, eta familia animatzera joango zela; eta Aralarren beti ibiltzen garenez, lasterketa polita izango zela. Baina luze samarra egiten zaizkit 88 kilometro eta aurten pentsatu nuen maratoi bat egitea. Egin gabe nengoen aurten distantzia horretako lasterketa bat, eta ea hau zer moduz ateratzen den.
Ibilbidea ez baduzu ezagutzen ere, profila begiratu duzu, edo norbaiti galdetu diozu?
Aurretik eginda duen jendearekin hitz egin dut, eta esan dit lasterketa nahiko azkarra dela. Bi puntu indartsu dituela esan didate: Usurbeko igoera, hasi eta nahiko azkar, eta gero Izazpi. Bi aldapa horiek dituela, eta beste guztia nahiko korrika egitekoa dela.
Zu non moldatzen zara ondoen, aldapa gora edo behera?
Orain arte batez ere asfaltoan ibili naiz. Behobia dezente egin ditut, eta nire puntu indartsuena abiadura zen. Baina aurten mendian aldapa gehiago sartu ditut, eta aldapan nahiko ondo ibiltzen naizela iruditzen zait. Azkenean, bietan eskas, baina, beno, ikusiko dugu (kar, kar).
«Bi Handiak luze samarra egiten zait,
eta aurten maratoia egitea pentsatu nuen»«Ehunmilen antolakuntza bikaina da,
jende guztia laguntzen, eta jende asko»
Aldapa behera azkar joateak esan nahi du teknikoki ondo moldatu behar zarela.
Hori entrenatzen duzun lekuaren arabera izaten da. Hemen, Aralarren, harria besterik ez daukagu eta nahiko aldapa teknikoak, eta aldapa behera nahiko ondo moldatzen naiz.
Eta zein da zure asmoa Murumendi lasterketarako?
Lehenengo urtea izanik, sentsazioen arabera joango naiz. Ez daukat denbora jakin bat egiteko asmorik. Ez dakit lehenengoak zenbat denboratan egiten duen, ezta 50. sailkatzen denak ere. Beraz, gozatzera joango naiz.
Bestela, estrategiaren bat izaten duzu lasterketetan? Adibidez, indartsu hastekoa?
Aurten lasterketa gehienak 20-25 kilometro ingurukoak egin ditut. Eta hor normalean jendea ahal den azkarren ateratzen da, eta gero mantentzen saiatzen da. Baina Murumendin, maratoi bat izanik, nik uste dut lasai atera beharko dugula, eta gero indarrak baldin badaude, aurrera segi.
Zer iruditzen zaizu Ehunmilak lasterketen antolakuntza?
Bikaina da. 2013. urtean esan zidaten ea erratz moduan aterako nintzen, eta Gazteluko lepotik Txindokiraino egin nuen. Hurrengo urtean atera egin nintzen, eta antolakuntza bikaina izan zen, jende guztia laguntzen, eta jende asko. 2015etik aurrera Larraitzen laguntzen aritu naiz, eta boluntarioen aldetik ere hamarreko bat.
Nola doakizu orain arte denboraldia?
Aurreneko lasterketa Beasainen egin nuen, Arriaranen. Martxoan-edo izan zen, eta formaz nahiko justu nengoen, eta bi kilometroren faltan orkatila bihurritu nuen eta utzi behar izan nuen. Entrenatzen denbora pixka bat pasa nuen eta gero egin nuen Segurako lasterketa, sei kilometrokoa, eta hor laugarren postua lortu nuen, eta nahiko gustura. Gero egin dut Zaldibiako lasterketa, aurten egin dudan luzeena, eta zazpigarren eginez nahiko gustura bukatu nuen. Tolosako T2T egin dut ere, eta azkenekoa Etxarri Aranazko Triku Trail izan da.
20 kilometro inguruko lasterketetan aritu ohi zara. Distantzia hori duzu gogokoen?
Nik uste dut hobeto moldatzen naizela 10 kilometrotatik hasi eta 25 kilometro bitartekoetan. Zegaman atera izan naiz, baina bi urtetan ez dut denbora onik egitea lortu, eta nik uste dut motzagoetan hobeto moldatzen naizela. Gainera, luzeagoak egiteak mendian denbora gehiago sartzea eskatzen du.
Nolatan hasi zinen mendi lasterketetan parte hartzen?
Orain 29 urte ditut eta 19 inguru nituela, Abaltzisketako festetan apustu txiki bat egin genuen. Beasaingo Jabi Lasak bota zigun erronka, Abaltzisketako plazatik Txindokiko puntara, berak bakarrik egingo zuela herriko hiruren kontra. Hiru gazte elkartu ginen eta egin genuen apustua, eta zortez, irabazi. Ordudanik hasi zitzaidan mendian korrika egiteko grina.