Urteroko erromeria hitzordua dute etzi, Liernin
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/07/2019-07-12-p003_f01.jpg)
Urteroko hitzordua daukate ormaiztegiarrek eta ingurukoek etzi, igandean, Liernin. Erromeria egingo dute han goizean hasita eta iluntzera arte.
Goizean, 11:30ean, ekingo diote festari salda eta txorizo dastaketarekin. 12:30ean haurrentzako jolasak egingo dituzte. 13:00etan meza nagusia izango da ermitan eta Urmaiz abesbatzak kontzertua egingo du bertan.
Meza ondorenean, bazkaltzeko orduarekin batera, herri bazkaria egingo dute. Aurtengo menua honakoa da: gisotea oilasko izterrekin eta haurrentzat makarroiak tomate saltsarekin. Bazkalosteari erromeria giroa jarriko dio Modesto DJak 16:00etatik aurrera, eta 18:00etan dagoeneko 23. ekitaldia duen Toka Txapelketa herrikoia jokatuko dute. Saria bi lagunentzako jatordua izango da Mujika jatetxean eta parte hartu nahi duten guztiek izena 17:45etik aurrera eman beharko dute.
Lierniko erromeriara doazenei hainbat gomendio egin die Ormaiztegiko Udalak: ahal duten guztiak oinez igo daitezela edo autoz igoz gero, autoak bete ditzatela; mahaiak eta aulkiak kamioian igotzeko 11:00etan eraman beharko dituzte eta 19:30ean jaisteko aukera egongo da; parrila publikoak erabil daitezke eta jatetxeko aparkalekuan ezin da aparkatu.