Samuel Davila venezolarrak irabazi du Marimurumendi mendi maratoia, errekorra ezarrita
Goizeko 08:00etan Beasaingo plazatik Marimurumendi mendi maratoia egiteko atera diren 265 korrikalarien artean, Samuel Davila venezolarra iritsi da lehenengo postuan plazan bertan jarrita dagoen helmugara. Lehen goierritarra David Martin lazkaotarra izan da.
Ehunmilak mendi lasterketen familiak duen anai-arreba txikienak, Marimurumendi mendi maratoiak, badu irabazlea. Katalunian bizi den Samuel Davila venezolarra iritsi da lehen postuan Beasaingo plazan dagoen helmugara, 3 ordu, 29 minutu eta 10 segundoko denbora eginez. 11:328an iritsi da Venezuelako korrikalaria Beasaingo plazako helmugara, txalo artean. Errekorra ezarri du, gainera, Davilak, 2016an Aritz Egeak jarritako denborari 2 minutu eta 20 segundu kenduta.
Antolakuntzakoen aldeko esker hitzak izan ditu Davilak helmugan, bereziki Josemirentzat, iaz Beasaingo proba honetara etortzeko gonbidatu zuelako, eta lasterketa guztian zehar “bikain eta fuerte” sentitu dela esan du. Errekorra gainditzea ere ez zuela espero adierazi du.
Bigarren postuan Bartosz Gorczyca poloniarra iritsi da. Hirugarren sailkatua, eta lehen euskalduna gainera, Ondarruko Iñigo Arantzamendi izan da.
Lehenengo goierritarra David Martin lazkaotarra izan da, 3.59:50ko denboraz.
Marimurumendi mendi maratoiko 265ko korrikalariak 08:00etan abiatu dira, azken edizioetan baina ordu bat lehenago, iragarrita zegoen eguraldi beroari aurre egiteko. Eguraldia, ordea, ez da hain beroa izan, freskoa baizik mendi aldean, eta lasterkariek eskertu dute.
Bero, berriz, Beasaingo kaleetan eta ibilbideko hainbat puntuan, jarraitzaile ugari elkartu baitira partaideei animoak emateko.
Hona hemen Marimurumendi lasterketa irudietan.