«Zerainen ikusi nuen Ehunmilak irabazteko aukera neukala»
2016an hirugarren eta 2017an bigarren egin ondoren, aurten podiumeko mailarik gorenera igotzea lortu du Jon Aizpuru beasaindarrak, errekorra hautsita gainera.
Zer moduz zaude fisikoki?
Ondo, oso ondo. Babak kenduz gero, ondo.
Orain arte heroia zinen Beasainen, larunbatetik aurrera superheroia.
Ni neure buruarekin berdin-berdin sentitzen naiz, ostiral arratsaldean bezalaxe. Orain pozik nago, lehen baino gehiago.
Jendetza zegoen helmugan.
Ez dut uste lehenengo ni nentorrelako izan zenik, baizik eta herriko edo Goierriko norbait aurrean zetorrelako. Goierrin sortu den proiektu hau borobiltzeko izan zela esango nuke.
Ibilbidean zehar ere jende asko zegoen animatzen.
Madarixan dagoeneko esaten zidaten Aurten bai, aurten bai!. Baina Madarixan pentsatzen baduzu irabazi egin behar duzula, ez duzu irabaziko.
Noiz hartu zenuen aurrea?
Elosuraino minutuko tartearekin iritsi ginen Javi, Unai eta hirurok. Handik aurrera, bakoitzak ahal zuena egin zuen.
Noiz ikusi zenuen lasterketa irabazteko aukera zenuela?
Oazurtzatik Zerainera ordubete inguruko partziala egin nuenean, banekien gai izango nintzela lasterketa irabazteko, oraindik korrika egiteko gaitasuna neukalako. Nola edo hala iritsiko nintzela banekien. Gainera, azkeneko erreferentziak eman zizkidatenean bost minutu bakarrik galdu nituen, eta nik uste nuen askoz ere denbora gehiago galduko nuela. Orduan, minik ez hartzera, lasterketa ez galtzera joan nintzen.
Dominguezen markaren azpitik joan zinen.
Oso azpitik joan nintzen, eta Liernin esan zidaten denbora kaskar bat eginda ere errekorra egin nezakeela. Hala ere, nik ez nuen posible ikusten, oinetan sekulako mina neukalako. Hankak baneuzkan, baina oinak ez. Babek ez zidaten gozatzen uzten.
Helmugan, begi bat erlojura begira eta beste bat Kale Nagusira begira egon ziren ikusleak.
Zenbakiek ez zidaten axola, baina Batzoki paretik helmugako erlojua ikusten da eta ikusi nuen posible zela errekorra egitea. Horregatik hasi nintzen azkarxeago. Niretzat sprint bat izan zen.
Irribarretsu iritsi zinen.
Emozio asko atera ziren, lan asko dago horren atzetik.
Helmugako arkuan buelta hartu eta korrika ikusleak agurtzera joan zinen berriz plazatik behera.
Beraiek emandakoa itzuli nahi izan nien. Ez naiz asko gogoratzen momentu horretaz, baina badakit ondo pasatu nuela.
Bitxikeria bat ere gertatu zitzaizun, Estanda atzealdean.
Traktore bat azaldu zen. Tourreko etapa bat ematen zuen, baserritarrak protestan zeudela. Momenturik okerrenean azaldu zen traktorea.
Hemendik aurrera zein asmo duzu?
Orain, atsedena hartu eta babak ondo sendatu. Momentu honetan asko kostatzen zait ondo ibiltzea. Kirol arloari dagokionean, baliteke abuztu amaieran Chamonixera joatea. Dortsala badaukat, baina oraindik ez daukat erabakita.