36ko gerrako fusilatuei omenaldia egingo diete larunbatean
Beasainen 1936ko uztailaren 27ko gau beltza gogora ekarriko dute beste behin, fusilatuen omenezko eskultururaren bueltan.
Beste behin ere, uztailaren 27an, 19:00etan, 36ko gerrako Beasaingo pasarte beltza gogoratuko dute Fusilatuen Monumentuan eta 35 fusilatuak gogoan izango dituzte 83. urteurrenean. Irakurketa taldekoen errezitaldia, historia laburra, musika eta ohorezko agurra lagun dituztela, fusilatuen, eraildakoen eta gerraren zeharkako eraginez hildakoen izen-deiturak irakurriko dituzte. Ohi bezala, lore eta kandela eskaintzarekin amaituko da ekitaldia.
Irakurle Taldearen saioa
Irakurle taldeak gizarte gaiak landu, hausnartu eta eztabaidatzeko tresna oso indartsuak direla sinetsita, urtean zehar, literatura tarteko, asko dira eta oso anitzak Beasaingo Irakurle Taldeak tertulietarako proposatzen dituen gaiak. Uztailekoak bat egiten du hilaren 27ko ekitaldiarekin eta bere ekarpena irakurketaren eta solasaldiaren bidez egiten du. Aurten, Garbiñe Ubedaren Hobeto isilik liburua irakurriko dute eta larunbatean, 17:30ean, Igartzako jauregian, taldean aztertuko dute liburua eta gaia. Saio irekia da.