Kontzertuak, zinea eta antzerkia, Legorretako udazkeneko egitarauan
Satto taldeak lau kontzertu (lehena ostiralean), bi zine emanaldi eta bi antzerki saio antolatu ditu Legorretako Herri Antzokian, datozen hilabeteetarako.

Legorretako kultur eskaintza berpizteko asmoz sortu zuten Satto taldea, eta udazken parterako, egitarau betea osatu dute. Bi kontzertu, lau zine emanaldi eta bi antzerki saio antolatu dituzte, ostiralean hasi eta abendura bitartean. Emanaldi guztiak, Legorretako Herri Antzokian izango dira.
Aurreneko saioa ostiral honetan bertan izango da, El deseo del doctor emanaldiarekin. Bertan, Doctor Deseoko Francis Diezek eta Jesús Belmontek taldearen bertsio akustikoak eskainiko dituzte. Kontzertua 23:00etan izango da. Sarrerak, 10 euroan eros daitezke aurrez, kioskoan eta liburutegian; egunean bertan, 12 euro balioko dute.
Kontzertu eskaintzarekin jarraituta, Habi eta Discipulos de Dionisos taldeak ariko dira urriaren 4an. Hil beraren 25ean berriz, Ainhoa Garmendiak eta Ainhoa Barredok Euskal kantak errezitaldia eskainiko dute. Eta abenduaren 1ean, Maria Amolategi eta Victor Sanchez beasaindarren Matilda taldea zuzenean ikusteko aukera izango da.
Zinea eta antzerkia
Udazkeneko egitarauaren barruan, bina zine eta antzerki emanaldi ere antolatu ditu Satto taldeak. Hilaren 15ean, Napardeath, Ataun of the death trilogiako hirugarren eta azken filma izango da ikusgai. Urriaren 24an berriz, Sua filma eskainiko dute, egileekin solasaldi eta guzti. Azaroaren 17an, Barry Barrez bakarrizketa saioa izango dute, eta abenduaren 27an, oraindik zehaztu gabe dagoen beste antzerki emanaldi bat.