Kantauritik mediterraneora, bizikletan
Pablo Gomez zikloturista urretxuarra Oriotik Bartzelonako Montgat herrira joan da bizikletaz. 68 urte ditu eta Cid, Donejakue eta Inaziotar bideak ere egin ditu azken urteetan.

Urteroko moduan, goierritar asko Mediterraneora joan dira oporrak pasatzera. Pablo Gomez urretxuarra ere bertara joan da, baina bizikletaz. Oriotik atera da eta Bartzelonako Montgat herrian amaitu du bidaia. Gomezek 68 urte ditu eta sasoitsu dagoela erakutsi du.
Urretxuar honek urtero bidai bat egiten du bere bizikletarekin. Azken urteotan Cid bidea, Donejakue bidea eta Inaziotar bidea egin ditu.
Aurten Kantauri itsasotik Mediterraneora joan da. Oriotik abiatu da. Izan ere, urte askotan bertako kanpinean pasa zituen oporrak eta egun etxe bat du bertan. «Orion lagun asko ditut eta nire bidaien berri dute. Galderak egiten dizkidate eta bidaiatzera animatu. Behin, itsasoaren mailaren igoeraz eta uholdeez ari ginela, lagun batek konponbidea zuela esan zuen: Kantauri itsasoko ura hartu eta Mediterraneoan botatzea. Nik, bere txantxari jarraituz, hori egitea erabaki dut: Orioko hondartzan bidoi bat bete dut eta Montgat-eko hondartzan hustu dut».
Montgat Bartzelona ondoko 12.000 biztanleko herri bat da. Ez zuen bidoia Bartzelonan hustu bere bidaietan hiriak saihesten dituelako. Egunero 06:30ean esnatzen da eta 14:00ak arte bizikletan ibiltzen da. «14:00ak aldera uzten diot bizikletan ibiltzeari, beroa ekiditeko. Hautatu dudan herriko udaletxera jotzen dut, informazio eske. Gainera, nire liburuxkan zigilua jartzeko eskatzen diet, bertatik pasa naizela egiaztatu ahal izateko. Hoteletan hartzen dut ostatu, aterpetxeetan ez baitago atseden hartzerik. Bidaiak uztailean egiten ditudanez, bazkaldu ondoren ohean etzan eta Frantziako Tourra ikusten dut. Ondoren, kalera irteten naiz bertako agureekin hitz egitera».
Lagun asko
Urtero lagun asko egiten ditu. «Istorioak kontatzeaz gain, nondik nora jo behar dudan esaten didate. Herri txiki askotan egon naiz. Herri horietako batean familia batekin bazkaldu nuen, beraien sukaldean, jatetxea itxita zegoelako. Bidaietan jende zintzoa ezagutu dut. Gehienak laguntzeko prest egoten dira».
«Bidaietan jende zintzoa ezagutu dut:
gehienak laguntzeko prest egoten dira»
«Nora joan erabaki ondoren, lagunek
ibilbidea prestatzen laguntzen didate»
Lagunak egiteaz eta txoko ederrak ezagutzez gain, bere enpresako bulego nagusia ezagutu zuen. Gomezek Rittal enpresan lan egin zuen erretiroa hartu aurretik eta enpresa horren bulego nagusiak Sabadell hirian daude.
Ia bizitza osoa darama bizikletan ibiltzen eta bizikletaz bidaiatzen. Umetan zaletu zen eta lasterketetan ere parte hartu zuen. «Parranda ere asko gustatzen zitzaidan. Behin etxera goizeko lauetan heldu nintzen eta bostetan jaiki behar izan nintzen lasterketa batera eramango ninduen trena hartzeko. Ez nengoen onenen artean, baina Az- koitiko lasterketan ondo aritu nintzela oroitzen dut. Hari esker, Martitteko lasterketan parte hartzeko hautatu ninduten».
Gazte mailan utzi zion lehiatzeari. Soldadutzatik bueltan, zikloturismoa ezagutu zuen. Hala, Goierri kirol elkartearen zikloturismo sailaren sorreran parte hartu zuen. Europa osoan zehar bidaiatu zuen Urretxuko eta Zumarragako zikloturismo taldearen eskutik. Italian, Belgikan, Austrian eta Holandan egon ziren, besteak beste. Gainera, Paris-Roubaix, Fleche Wallonne eta Flandriako Tourreko ibilbideak egin zituzten.
Zikoturista taldeak bidaiak antolatzeari utzi zionean, bakarrik bidaiatzeari ekin zion. «Urteroko bidaiaren ondoren, bizikletan ibiltzeari uzten diot. Abuztuan oporretara joaten naiz eta irailetik aurrera mendian ibiltzen naiz. Otsailean hasten naiz bizikletan ibiltzen. Nora joan erabakitzen dudanean, lagunek ibilbidea prestatzen laguntzen didate».
Oraindik ez daki nora joango den datorren urtean, baina ondo bidean, berriro ere anekak jarriko dizkio bere bizikletari. «Zerbait egin behar da, ilusioari eusteko. Martxoan erabakiko dut nora joan. Hasieran lagunekin entrenatuko dut eta ondoren bakarrik arituko naiz. Izan ere, halako bidai bat egiteko kilometro asko egin behar dira. Azken asteetan zortzi kiloko harri bat jartzen dut parrilan, pisuarekin ibiltzera ohitzeko».