Mikel Urretabizkaiaren 'Gazta' dokumentala Zinemaldian estreinatuko dute
Culinary Zinema sailean ikusi ahal izango da Idiazabal Gaztaren inguruko dokumentala. Artzain eta sukaldari ugariren testigantzak jaso dituzte.

Donostiako Zinemaldiak eta Basque Culinary Centerrek elkarlanean antolatzen duten Culinary Zinema sailak, Idiazabal gaztaren zaporea izango du aurten. Izan ere, Mikel Urretabizkaia ordiziarrak zuzendutako Gazta filma estreinatuko dute bertan. El secreto de Urdaneta dokumentalaren egileak, itsas bidaiak utzi eta Urbia, Aralar eta Gorbeiako artzainen bizimodua eta lan moldeak ezagutu nahi izan ditu. Besteak beste, Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta, Joseba Insausti eta Karmele Murua gaztagileen testigantzak, eta Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Roca bezalako sukaldari ezagunenak ere jaso ditu dokumentalean.
Culinary Zinema sailean bederatzi film eskainiko dituzte guztira, irailaren 22tik 27ra bitartean; horietako zazpi, afari tematikoekin lagunduta. Afaridun emanaldietarako sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai (70 euroan), Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan; sarrera arruntak berriz, hilaren 15etik aurrera (7,90 euroan).