Valentin Larrea berriro gozatzaile
Iruñean piano kontzertu batekin omenduko eta gogoratuko dute gabiriar musikari historikoa, bihar, ondorengoen ekimenez. Konposatzaile emankorra eta Lore Jokoetan irabazle izan zen.

Hil zela 50 urte betetzera doazenean, Valentin Larrea Iturbe musikariaren (Gabiria, 1876 Iruñea, 1970) obra taupaka sentitu ahalko da, berriro. Haren bilobek antolatuta, Iruñean omenaldi-kontzertua egingo dute, bihar 20:00etan, San Saturnino elizan (Kale Nagusian). Itxaso Aristizabal piano jotzaile irundarrak interpretatuko ditu Larrearen lanak.
Hain justu, aitonaren lana ezezaguna zelako, ahazturatik ateratzea erabaki dute bilobek. «Bi ahizpa hasi ginen antolatzen, jabetu ginenean sekula ez genuela entzun gure aitonaren musika. Familiako proiektu bat bezala hasi zen, baina udaletan aurkeztu dugunean, oso interesgarria iruditu, eta neurri zabalagoa hartu du», dio Maite Berazadi Larrea bilobak.
Juan Valentin Larrea Gabirian jaio zen, 1876ko abenduaren 27an. Aitarekin barneratu zen musikan, herriko organista eta udal idazkari zen Meliton Larrearekin. 17 urte egiteko zela, Madrilgo Musika eta Deklamazio Kontserbatorioan sartu zen, eta musikari-ibilbide distiratsua hasi zuen han.
Bizitza profesionaleko zati oparoena Iruñean osatu zuen. 1898ko urrian, Nuevo Casino Eslavako piano jotzaile oposaketan lehen tokia atera zuen, eta Txapitela kalera joan zen bizitzera, 1900ean Teresa Auzmendirekin ezkonduta. 1970eko maiatzaren 10ean han hil zen. Kasinoko pianista gisa 50 urte bete zituenean, Lanaren Domina eman zioten.
Konposatzaile saritua
Iruñean ospatzen ari diren Batasunaren Pribilegioaren 596. urtemugako egitarauaren barruan izango da Larrearen omenaldi-kontzertua. Bizitoki izan zuen hirian entzungo da berriz.
Biloben aurretik, ordea, Maria Luisa Larrea alaba arduratu zen Valentin Larrearen obra zaintzeaz. «Arduraz gorde zituen bere aitaren partiturak, eta, haien etorkizunaz kezkatuta, Errenteriako Eresbil fundazioan utzi zituen, han gorde zitzaten», gogoratu du Elena Berazadi Larreak.
Konposatzaile emankorra izan zen Larrea. Eresbilen 86 obra dauzkate gordeak. Pianorako dira asko, baita harizko tresnentzako, organorako, txisturako eta ahots koruetarako ere. Musika erligiosotik hasi, eta euskal doinuen sorkuntza asko landu zuen, zortziko, biribilketa eta abesti tradizionalen egokitzapekin; baita XX. mende hasierako erritmo arrakastatsuak ere. Goiko mendiyan; Nere erri politari da obra bat, Gabiriari eskainia. Orfeon Pamplonesen lehen tenore abeslaria ere izan zen.
«Bere obra ugaria eta anitza da. Piano jotzaile, konposatzaile eta irakasle jardueran herrikideen eta lankideen errespetua eta miresmena jaso zituen», dio Elena Berazadik. «XX. mende hasieran zelebridade bat izan zen Iruñean», gehitu du Maitek.
Horren erakusgarri dira Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Euskal Jaietako lore jokoetan lortutako 12 sariak, 1900etik 1911ra arte. Bilboko Ateneoko lehiaketa (1902), Heraldo de Madrid egunkariarena (1903), Irungo lehiaketa (1930) edo Iruñekoa (1946) irabazi zituen, adibidez.
Saio gehiago eta diskoa
Iruñeko biharko kontzertuaz gain, Zarautzen abenduan errepikatuko dute. Zarautzekin harreman berezia izan zuen Valentin Larreak, alaba hara ezkondu baitzen eta urtero joaten zen. Mateo Mujika gotzain deserriratua laguna zuen. Gabiriako Udalarekin ere harremanetan dira, jaioterrian antolatzeko. Andre Mari jaietan ez zuen huts egiten.
Kontzertuak grabatu eta filmatu egingo dituzte. Diskoa ateratzeko asmoa du sendiak.
Musikari asko eta onak trebatu dira Gabirian organoan
Berez du balioa Gabiriako Andre Mariko organo barrokoak, 1804an Pedro Albisuak eraikia. Ospetsuagoa behar luke, haren banketan eseri diren musikarien tailari begiratuz gero.
Valetin Larreak organo hartan egin zituen lehen urratsak, Meliton Larrea Perez de Lazarraga aitarekin batera. Zalduondon jaioa 1838an, 60ko hamarkada hasieran iritsi zen Meliton, herriko organista, udal idazkari eta eskola-maisu izateko. 1933an hil zen. Valentin semeak 17 urte arte jo zuen.
Hamarkada batzuk geroago, organo berean ekin zion musikari ibilbideari Jose Antonio (Pepe) Artzelus Igartzabalek ere. Abuztuaren 10ean hil zen. 1937an Kalebarrenen jaioa, 9 urte egiterako jo zuen lehenengo meza, Antonio Artzelus aitak lagunduta (hura zen organista, eta plazetan erromerietako soinu-jotzailea). Aita hil, eta Pepek hartu zuen organista lana, 1948an. 17 urtez aritu zen.
Piano ikasketekin Jose Luis Gurrutxagarekin segi zuen, Ordizian. Boreo eta Beotibar orkestetan jo zuen, 50 urte bete arte. Piano karrera 31 urterekin bukatu zuen, Donostiako Musika Kontserbatorioan.
Tolosako Andre Mari elizako organista hasi zen, 1982an. 27 urtean aritu zen, baita Santa Maria Kaperako musikari ere.
Gabirian askotan jo zuen beste musikari ospetsu bat Pepe Azarola nazioarteko pianista zen.Uda garaiak han igarotzen zituen, Larrearen jaiotetxearen parean, justu. Aita Juan Azarola Txintxurreta gabiriarra zuen, organista aritua Gabirian eta Orendainen.Orain ere esku onetan da Gabiriako organoa, Xabier Barriolak eta Joseba Muruak jota.