Zaldibian ere hartu dituzte arrautzen laginak
Zubietako errausteko plantak sor dezakeen kutsadura modu zientifikoan kontrolatzeko laginak hartu dituzte bi zientzialarik ostiralean, aurreko bi egunetan Donostialdeko hainbat herritan egin bezala.
Zubietako errauste planta piztu aurretik, hark sor dezakeen kutsadura modu zientifikoan kontrolatzeko laginak hartzen aritu ziren joan den astean Herbereetako ToxicoWatch fundazioko Abel Arkenbout toxikologoa eta Kirsten Bouman biologoa. Izena aipatu ez, baina Eusko Jaurlaritzak akreditatutako Euskal Herriko enpresa bat ere lan horretan aritu da egunotan.
Oilategiko arrautza, lur-zoru eta inguruko landareen laginak hartzen aritu ziren bi zientzialariak, batez ere Zubieta inguruko udalerrietan –Usurbilen, Donostian, Añorgan, Lasarte-Orian, Hernanin…–, baina eragin eremu horretatik urrutiago dagoen beste herriren bateko laginak hartzea beharrezkotzat jotzen zuten, 40 kilometro inguruko distantziara dauden laginen alderaketa egin ahal izateko. Zaldibiako Udarneta etxeko oilategian egin zuten lan hori.