Bergarako Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok irabazi dute Euskal Herriko dantza txapelketa
Dantza Egun borobilari amaiera emateko, Euskal Herriko dantza txapelketa jokatu da Seguran, jendez lepo zegoen Baratze pilotaleku berrituan; Bizkai eta Gipuzkoako 14 bikote aritu dira lehian, tartean Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola legazpiarrek osatutakoa
Lehiakide guztiak txapelketa hasi aurretik Zortzi pausoko fandangoa Isilkara taldekoen txistuz lagunduta, eta Estanga anai-arreben trikitixa doinuez musikatutako arin-arina dantzatu dituzte Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 43. edizioan lehiatu diren 14 bikoteek gaur, Seguran, Baratze pilotalekuan, 18:00etan hasita. Ia bi orduko ekinaldiaren ondoren, atsedenaldian Alurr dantza taldeak eskainitako Irradak emanaldia barne, erabaki da nor den Euskal Herriko dantza sueltoko bikote onena: Bergarako Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok osatutakoa.

Irabazleak, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, garaikurrarekin
Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok, Aitor Ruiz de Eginok egindako garaikurra (ordezkatzen duten herriaren udaletxean hurrengo urtera arte gordetzeko, beraz, Bergaran), 800 euro eta origarria, txapela eta lepokoa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa eta 4 bidaia jaso dituzte saritzat.
Bigarren postuan Azpeitiko Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta sailkatu dira, eta 600 euro eta garaikurra jaso dituzte. Laura Bastida eta Ekain Uzkudun, hauek ere azpeitiarrak, izan dira hirugarrenak, eta horientzat 500 euro eta oroigarria izan dira. Dantza jantzien saria, 150 eurokoa, Oiartzun eta Lezoko Katerin Artolak eta Iker Belintxonek eraman dute.
Sari gehiago ere banatu dira. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak ongien sailkatutako bikote baizkaitarrari emandako oroigarria Sopelako Irati Lopez eta Gorka Granadorentzat izan da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako lehen sailkatuei emandakoa Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok eraman dute. Bestetik, Guillermo Areizaga saria, hau da, txapelketa honen sortzaile eta sustatzaile izan zenaren omenez ematen zaiena lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatu direnei, Azpeitiko Itziar Bastida eta Anaitz Lizartzak jaso dute.
Itziar Bastida – Anaitz Lizartza (Azpeitia)
Partaideen artean Goierriko bikote bakarra zen, Legazpiko Idoia Narbaizak eta Irati Olaizolak osatutakoa; horiek 11. postuan sailkatu dira.

Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola, Goierriko partaide bakarrak
Txapelketaren aitzakian 3. dantza eguna ospatu dute Seguran, goizean hasita. Polka herrikoia, plaza
dantza gidatuak eta bazkaria egin dira, besteak beste, herriko plazan. Arratsaldean Baratze pilotalekua
izan da topagunea; ikusle ugari elkartu dira han, baita ETBko kamerak ere, telebistak txapelketa grabatu
eta 21:00etatik aurrera emititu duelako bere lehen katean.













