Odolki lehiaketa jokatuko da larunbatean Beasainen
Gernika pasealekuko pilotalekuan egingo da dastaketa eta lehiaketa, 11:30etik aurrera. Odolkiekin batera, bertako produktuen azokan 40 postu jarriko dituzte
Beasaingo Odolki Kofradiak egun handia izango du larunbatekoa, 2019ko odolki onena aukeratzeko eguna izango baita. Beasaindarrentzat ere egun handia izaten da, odolkiaren aitzakian, babarrun janak antolatzen baitituzte lagun taldeek.
Odolki lehiaketari dagokionean, antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Goierriko eta Gipuzkoako 15 odolkigileren odolki lehiatuko dira 35. lehiaketan. Harakinek gaur dute odolkiak Beasaingo Bareak elkartera eramateko epea, 16:00etatik 21:00etara bitartean. Martin Urkiolaren esanetan, «deitzen diguten harategietara bila ere joango gara. Jendea animatuta dago eta momentuz Orio, Astigarraga eta Lasartetik bila joateko deitu digute». Bakoitzak 14 odolki aurkeztu beharko ditu.
Gernika pasealekuko pilotalekuan izango da odolkiaren festa. Pilotalekuaren atzeko karpan odolkiak egosi eta pilotalekuko oholtzan sei edo zortzi sukaldarik eta adituk osatutako epaimahaiko kideak 11:30etik aurrera hasiko dira odolkiak aztertzen. Epaileen artean Joseba Argiñano, Sonia Tapia, Josema Azpeitia eta Jone Karres egongo dira. Urkiolaren esanetan, «aurten aldatu egin dugu epaimahaia, batetik, lagun kopurua murriztuz eta bestetik, Goierriko kanpokoak jarrita». Neurri berri horrekin, azken urteetan sortzen diren esamesak azkeneko urteetan Olanok irabazi duelako uxatu nahi dituzte antolatzaileek. 13:00ak alderako irabazlea nor den jakinaraziko dute.
Dena den, epaimahaiek bakarrik ez, herritarrek ere izango dute odolkia dastatzeko aukera, pilotalekuan bertan jarriko duten tabernan, euro baten truke. Sagardoarekin (kupeletik) eta ardoarekin laguntzeko aukera ere izango da; horiek ere, euro batean.
Azaroko lehenengo larunbateko azokak ere bat egingo du odolki lehiaketarekin. Honela, odolkiak erosteaz gain, bertako eta garaiko produktu ugari erosteko aukera ere izango da Erauskin plazan eta Gernika pasealekuan jarriko dituzten 50 postuetan. Segurako talogileak ere izango dira. Bestetik, 10:00etan, kandelak egiteko eta egurra lantzeko tailerrak ere egingo dituzte festagunean; eta 09:00etan, argazki rallya egingo du Argizpik.
Aparkatzeko debekuak
Larunbateko bertako produktuen azoka berezia dela eta, Udaltzaingoak jakinarazi duenez, «beharrezkoak diren prestaketak antolatzeko» hainbat kaletan debekatuta egongo da aparkatzea gaur bertatik: batetik, 08:00etatatik aurrera, ezingo da aparkatu Gernika pasealekuan (pilotalekuaren atze aldean), baterian dauden aparkalekuetan; eta bestetik, 14:30etik aurrera, Erauskin Kaleko 2. zenbaki ondoko baterian dauden aparkalekuetan.