Beasain ‘Haurren Hiria’ izateko bidean
Udalaren, Ttiklik Elkargunearen eta Laia Kooperatibaren arteko lankidetzatik sortu da. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte. Agenda proiektuaren gaia landuko dute lau saiotan.
Beasaingo Udalak proiektu berria jarri du martxan, Ttiklik Elkargunearekin eta Laia Kooperatibarekin elkarlanean: Haurren Hiria proiektua. Francesco Tonucci pedagogo italiarraren filosofiarekin eta lanarekin bat eginez, eta Euskal Herriko hainbat herrik bat egin duten bezala, Beasainen ere haurren parte hartzea bultzatuko dute. 8 eta 12 urte bitarteko haurren iritziak, beharrak, ekarpenak, proposamenak jasoko dituzte.
Beasainen adin tarte horretan aritzen diren lau ikastetxeek hartuko dute parte egitasmo berrian. Haurren Kontseilua osatuko da eta horretarako, ikastetxe bakoitzak gehienez, 6-10 haurreko taldea aukeratuko du –aniztasunaren arabera–. Itxaro Mendizabalen esanetan, «helburua haurrei hitza ematea da. Honela, urtean zehar herriko desberdinetan lau topaketa egingo ditugu, dinamika desberdinekin. Ondoren, ikastetxean beste ikaskideekin batera landuko duten lantxo bat jarriko zaie hurrengo topaketara ekartzeko».
Aurtengo ikasturterako jarri duten helburua ondorengoa da: udalaren aurrean aurkezteko agenda proiektua bat adostea. Maiatzaren 9an plazan egingo duten festan aurkeztuko dituzte ondorioak eta proposamenak.