Goieniz zine klubak bihar hasiko du denboraldi berria, 'Gracias a Dios' filmarekin
Urte bukaera bitartean lau saio egingo dituzte. 2020an 25. urteurrena beteko du Beasaingo zine klubak.
Behin Usurbe Antzokiko eraberritze lanak amaituta, bihar, 21:00etan hasiko du Goieniz Zine Klubak ikasturte berria. Lehenengo saiorako aukeratu duten filma Gracias a Dios da, François Ozon frantziar zuzendari ospetsuarena. Gertaera errealean oinarritutako filma da, elizako pederastia kasuen ingurukoa. Alexander Lyonen bizi da bere emazte eta seme-alabekin. Halabeharrez, boy scouta zela bera bortxatu zuen apaizak oraindik ere umeekin lanean jarraitzen duela jakingo du. Epaimahaiaren sari nagusia lortu zuen Berlingo azken jaialdian.
Azaroaren 28an, berriz, Buñuel y el laberinto de las tortugas helduentzako animaziozko filma eskainiko dute.
Abenduaren 12an Parasitos film korearra ikusteko aukera izango da. Komedia da eta Canneseko zinemaldian, film onenaren Urrezko Palma jaso zuen. Abenduko azkeneko egunetan egingo den Gau laburra film laburren saioarekin itxiko du urtea.
Bestalde, 2020an 25 urte beteko ditu Goienizek, eta datorren urterako berrikuntzak prestatzen ari da koordinatzaile taldea.